GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bozetan «ezkerreko abertzaleen pisua» agerian geratu dela adierazi du EH Baik

Legebiltzarreko bozen balantze bikaina egin zuen atzo EH Baik. Lehen itzulian ezkerreko abertzaletasunaren «pisua agerian geratu» zela nabarmenduta, bigarrenerako «era egokian» baliatu dutela esan zuten. PSko diputatu berriek agindutakoa betetzen duten behatuko du.

p016_f01-ONA2.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Igaro berri diren Legebiltzarreko hauteskundeen gaineko balorazioa egitean EH Baik izan duen «pisua eta arbitro papera» nabarmenduta, etorkizunari begira «aldaketa politikoa eragiteko gakoa, hein handi batean» beren esku dagoela esan zuten, atzo Baionan Xabi Larraldek eta Peio Etcheberry-Ainchartek.

Hauteskundeen balantze «oso positiboa» egin du koalizioak. «Orokorrean emaitzek `guraize efektua' islatu dute, hau da, Estatuan izan den uholde arrosaren eta tokian tokiko zenbait hautagaiekiko zegoen aspaldiko suminduraren arteko emaitzak izan dira. Lehen itzulian, bi alderdi nagusiak kenduta, gainerakoak baztertuak geratu ziren, salbu EH Bai, hirugarren indarra bilakatu baitzen», azaldu zuten bi bozeramaileek.

Beren esanetan, agerian geratu da «ezkerreko abertzaletasunak egiazko pisua duela eta bigarren itzulian pisu hori baliatu dugu», esan zuen Etcheberry-Ainchartek.

Ez hau, ez bestea

Bigarren itzulirako boto kontsignarik eman ez izana beren oinarriekin ondo aztertutako deliberoa izan zela gaineratu zuten: «Ez zen izan `ez hau, ez bestea' aukera hutsala. Ezkertiarrak garenez, gure helburu behinena eskuinaren porrota bultzatzea zen, baina PSk ez zien ofizialki gure galderei erantzun eta ezin genuen bere aldeko boza eskatu. PSk ulertu behar du guk ez diegula ezer zor eta ez garela bigarren itzulirako beren boz-erreserba. Erabaki zuzena izan zen eta lehen itzulian boza guri eman zigutenei elementu horiek jakinarazi genizkien bakoitzak bere hautua egin zezan».

Eskuineko hautagaiak kaleratu dituzten bi diputatu berriek -Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux- «era pertsonalean izan bazen ere», EH Bairen galdeketari idatziz erantzun izanak ezkerreko abertzaleen aldetik botoak jasotzeko garaian zerikusia izan zuela bistakoa dela gaineratu zuten.

Hain zuzen, engaiamendu horiek errespetatzen dituzten ala ez egiaztatzeko «jarraipen estua» egingo dutela agindu zuten Larraldek eta Etcheberry-Ainchartek. Horren arabera, 2017ko Legebiltzarreko bozetan ez ezik, ezkerreko abertzaleentzat ere «inportanteagoak» diren 2014ko udaletakoan ere finkatuko du EH Baik bere jarrera sozialistekiko.

Maitiaren hitzak, «neurriz kanpokoak»

Frantxua Maitiak esandakoez galdetuta, EH Baik «portaera duina» izateko eskatu zion 4. hauteskunde-barrutian PSko hautagai izan denari. Izan ere, egunotan polemika bizia sortu da Maitiaren eta ELB sindikatuaren artean. Laborarien sindikatuaren aldizkarian bere kontra egitea leporatu die Maitiak eta, hein batean, abertzaleek bere alde bozkatu ez izanaren erruduntzat jo ditu. Akitaniako Kontseiluko kidea denez, etorkizuneko laguntzak babestuko dituen zalantzan jarri du Maitiak.

«Horrenbeste tentsio eta lan eragin ohi duen kanpainaren ostean, ulergarria da Maitiaren desengainua», esan du EH Baik.

Alta, beren iritziz, «neurriz kanpokoa» da laguntzak errefusatuko dituela mehatxua egitea: «Lehenik eta behin, jakin beharko luke kudeatzen dituen sosak ez direla bere poltsikotik ateratzen, eta proiektuek gizartearen onurarako duten garrantziaren arabera eman behar zaizkiela diru laguntzak eta ez boza eman dioten ala ez kontuan hartuta. Hori klientelismo hutsa litzateke, justu berak hainbestetan kritikatu izan diena hautagai handikiei».

Bestalde, beste bozetan, 1994ko kantonamendukoetan esaterako, Maitiak hautagai abertzalea aukeratua izatea eragotzi zuela gogorarazi zioten. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo