GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi I Kazetaria

Gozoa, gazi

Lantokira heltzear naizela, argi keinukariei ezkerrera eman diet, inor ez datorrela ziurtatu dut, aurreko autoa -4x4 grisa, matrikula ez dut jarriko, ondo gogoan dudan arren- aurreratzen hasi naiz eta... kaguen! Balaztari bete-betean sakatu behar izan diot, berak ere bat-batean ezkerrera jo duelako. Ia-ia jo nau. Klaxona ederki astindu dut, eta leihatila erabat beheratu: putakumeka hasi natzaio, eztarria urratzear. Gizasemeak begiratu du ispilutik atzera eta besoa atera, hatz luzea erakutsiz. Jo du aurrera, bizi-bizi, eta sutan utzi nau, aparkaleku bila.

«Love, hate, love» aditu dut autoko musika-aparailuan, Layne Staleyren ahotsean. «Bai Layne, nik ere gorroto ditiat halako anormalak». Batera eta bestera begira ari naizela, [doan] aparkatu nahian, TAO eremu urdinari ihesean, berotasunak epelera egin du. Eta hortik kasik hotzera. Erraiak lasaitutakoan, burua martxan hasi zait: «Alu horrek eman al die keinukariei? Ez... Akaso bai, baina, halere, ez zeukan maniobra hori horrela egiterik. Ez du-eta begiratu ere egin! Eskerrak azkar ibili naizen, bestela ostia galanta emango zidan. Bai, seguru, nik nuen lehentasuna. Arrazoia, niretzat. Bai... ezta?».

Gorrototik maitasunera ez, baina gizona kasik ulertu eta barkatzerainoko jauzia egin dut minutu bakan batzuetan. Eta kolpetik ohartu naiz bezperan ere, ordu batzuk lehenxeago, sentsazio bera izan nuela. Baina gozotik mingotsera.

Berria entzun nuenean asko poztu nintzen. Euskal Herriarentzako ona delako, euskal herritar guztion onurarako delako, etorkizun hobea marrazten laguntzen duelako. Baina, batik bat, hamar urteotan (erraz esaten da) lanean aritu diren milaka horiengatik poztu nintzen. Han eta hemen, itzalean, isilean, auzorik txikienetik hasita, jardunean aritu direnekin akordatu nintzen. Eta gainetik kendutako kargaren pisua irudikatu nuen, haien lasaituaren tamaina. Eta orduantxe, bizilagunenganako love gutxi eta hate asko nabaritu nuen.

Ez baita ametitzekoa azken hamarkada honetan bizitakoa. Ez baita ulertzekoa epaitegi baten erabakiaren menpe egotea milaka eta milaka herritarren adierazpide izan nahi duen alderdi politiko baten oraina eta geroa. Ez baita onartzekoa, Sorturen estatutuak aztertu ostean, hamaika epailetik bostek oraindik ilegalizazioaren aldeko apustua egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo