GARA > Idatzia > Kultura

Jose Luis Ansorena musikari eta erabateko sortzailea saritu dute

Gustukuen duena, hau da, musika egitea da Jose Luis Ansorena Mirandarentzat (Donostia, 1928) saririk onena, baina ezin gusturago hartu zuen atzo, Gipuzkoako Aldundian, Eusko Ikaskuntzak, familiak eta lagunek egin zioten omenaldi hunkigarria. Lagundu dion jende guztiari eskerrak emanda jaso zuen aho batez eman dioten 2011ko Manuel Lekuona saria.

p050_f01.jpg

Maider IANTZI |

Familia, lagun, musikari eta herritarren berotasunean jaso zuen Jose Luis Ansorena Mirandak Manuel Lekuona saria; Jose Mari Muñoa Eusko Ikaskuntzako lehendakariak nabarmendu zuenez, merezimendu osoz, denbora luzez musikan egin duen lana hagitz oparoa baita. Musikagilea, organista, abesbatza sortzaile eta zuzendaria, euskal musika ondarearen sustatzaile eta hedatzailea... Orain ere ez dago geldirik, eta urtetan zuzendu duen Eusko Ikaskuntzaren Musika Sailaren esku utzi ditu digitalizatu dituen aditu gabeko mila melodia baino gehiago, Resurrecion Maria de Azkuek bildu zituenak.

Muñoak erantsi zuenez, lanaren bidez adierazten du Ansorenak bere gogo bizia, eskuzabaltasuna eta euskal kulturarekiko maitasuna. Bere bidez, «hainbeste aberasten gaituzten» irakaskuntzaz kanpoko ikertzaile eta adituak omendu nahi izan zituzten.

Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoak Jose Inazio Ansorena ilobak osabari eskaini zizkion hitzekin etorri ziren. Honek Jose Luisen biografia idatzi du, eta bertako zertzelada batzuk eman zituen.

Kontatu zuenez, Ansorena-Miranda familian bederatzi seme-alaba ziren -tartean Jose Luis-, eta hala erraten zien auzo batek: «Zuek, hainbeste zarete eta ez da garrasirik txikiena ere entzuten! Musika egiten eta kantatzen bakarrik entzuten zaituztet!». Aipu horrekin laburbildu zuen etxean zuten giroa.

Azaldu zuenez, lehendabiziko umeek naturalki ikasi zuten euskaraz, baina txikienek, eta hauen artean zegoen Jose Luis, ez, eta min hori zauri bilakatu zitzaion. Bertze zauri bat musika ikasketetan ezin sakontzea izan zen. Txikitatik jotzen zuen txistua, bere aita Isidrok bezala, eta honek harro erraten zuen jada bazuela oinordekoa. 12 urterekin fraile izan nahi zuela erabaki zuen, ordea, eta aitari mundua erori zitzaion gainera. «Isidroren oinordekoa kaputxino bihurtu zen!», oroitu zuen Jose Luisek.

«Musikari handiekin ibili nintzen eta hauek harrituta geratuko lirateke musika ikasketarik ez nuela jakingo balute. Estimu handitan ninduten. Musikari handitzat ninduten, baina ni lotsatuta nengoen nire ezjakintasunaz».

Ilobak osabari buruz aipatu zuen bertze ezaugarri bat marrazteko zaletasuna da. Behin, gabon txartel bat bidali zien etxekoei, berak marraztua, eta irriz lehertu ziren denak, matrailak berdez margotu baitzituen gorriz margotu beharrean. Daltonikoa da Jose Luis, eta Jose Inazio konbentzituta dago hori akatsa baino mundua ohikoak ez diren kolore eta moduetan ikusteko ahalmena ematen dion zerbait dela. «Zaragozan sermoi praktikak egiten ari zirela, euskaraz eman zuen berea, ausardia izan duelako beti gauzak planteatzeko. Iruñean osaba apaiztu zutenean jaio nintzen ni. Orduan pasa zen Aita Isidro izatera. Eta bere aitak, Isidrok, hala esan zion: zu ez zara ez aita eta ez Isidro. Hori ni naiz!».

Andra Mari Abesbatza

Umorez zipriztindutako hitzaldian, osaba hagitz sortzailea izan dela nabarmendu zuen ilobak: adibidez, hockey talde bat sortu zuen. Berak patin gainean ibiltzen ez zekien arren, bertzeek ikastea lortu zuen eta patinak egiten eta konpontzen ere ibili zen. El padre patines, bataiatu zuten egunkari batean. Portland San Antonioren, Euskal Dantzari Taldearen, Musikasteren, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren eta Iruñeko Olentzeroren aita ere bada. Zaragozan zegoela, erdarazko Olentzero bat ere antolatu zuen!

Ekitaldia musikaz jantzi zuen Errenteriako Andra Mari Abesbatza sortu zuen, eta haren ondotik etorri ziren bertze hamaika. Jose Inaziok azpimarratu zuen garrantzitsua dela egin dituen lanetan beti jakin duela erretiratzen: «Lanak abiatu ditu eta gero besteen eskuetan utzi». Hurbiletik ezagutzen dutenek badute bere ahulezia baten berri: Aita Donostiaren «Jesus mi dulcissime» motetea zuzentzen zuenean malkoak isurtzen zitzaizkion masailetan behera, baduelako, berak ere aitortu zuenez, zerbait berezia konpositore honekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo