Naparlurren Nafarroako Artisautza Azoka igandera arte bisitatzen ahalko da
GARA |
Naparlur artisau kolektiboak antolatutako Nafarroako Artisautza Azokaren laugarren edizioa martxan da, atzotik igandera arte. Nafarren eta bertze leku batzuetako artisauen 30 erakusmahai muntatu dituzte Iruñeko Gaztelu plazan. Denetarik ikus daiteke: egurra, xaboiak, bitxiak, buztingintza, oinetakoak, beira, burdingintza, larrua, ehungintza, lore lehorrak, oihalgintza... Eskulangileen lana hurbiletik ezagutu nahi dutenek jarria dute hitzordua, egunero, 10.30etik 14.30era eta 17.00etatik 21.30era.
Azokaz gain, hobekien apaindutako standaren eta pieza bakarraren lehiaketa ere abian jarri dute. Artisau bakoitzak aukeratutako pieza berezia ikusgai egonen da bere standean, eta larunbatean jakinaraziko dute zeintzuk diren irabazleak.
Honako lagunek osatzen dute epaimahaia: Fermin Villanueva, Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen eta Turismoaren Koordinazio eta Sustapeneko zuzendaria; Itziar Gorritxo, Iruñeko Udaleko Lanbide, Merkataritza eta Turismo teknikaria; eta Judit Casalprim, joan den urteko pieza bakarraren lehiaketa irabazi zuen artisaua.
Naparlur artisautza kolektiboa duela bederatzi urte sortu zen, Nafarroako artisautza azoka berreskuratzeko asmoarekin. Bederatzi urte hauetan azoka hainbat lekutan kokatu da, Gaztelu plazan jarri den arte.
Kalitatezko materiala
Artisauen topagune da azoka, non kalitatezko materiala ikusi eta lortzeko aukera dagoen, artisau bakoitzaren eskuen bitartez bizia eta berezitasuna jaso duten lanak.
Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin eta artisauek ordaindutako kuotarekin finantzatzen da.