Mendebete, taula gainean jarri eta olatuekin jolasean hasi ginenetik
Ehun urte bete dira euskal kostaldean surfari buruzko lehenengo erreferentzia ezagutu zenetik. Bilboko Itsasadarra itsas museoak gaur zabalduko duen «Surf x 100 mende bat surfean. Euskadi, Kantabria, Asturias, Galizia» erakusketak kiroletik harago, bizitza ulertzeko modu honen bilakaera agertzen du bideo, argazki, taula, traje eta aldizkarien bitartez. Kantauri eta Galiziako kostaldeko historia biltzen duen lehena da eta urtarrilaren 13ra arte egongo da zabalik.
Ane ARRUTI |
Ignacio de Arana gasteiztarra espainiar kontsula izan zen joan den mendearen hasieran Hawaiiko uharteetan. 1912an Euskal Herrira itzuli zenean egurrezko surf taula bat eta “The Surfriders of Hawaii” liburuxka ekarri zituen berekin. Horixe da gure kostaldeak kirol honekin izan zuen lehenengo harremana. Ehun urteren ondoren, Bilboko Itsasadarra itsas museoan “Surf x 100 mende bat surfean. Euskadi, Kantabria, Asturias, Galizia” erakusketa inauguratuko dute gaur eta urtarrilaren 13ra bitartean izango da bertan.
Ikusgarriena ez bada ere, erakusketa honetako bitxi preziatuena liburuxka horixe da. Felip Verger komisarioak azaldu zuenez, dozena erdi ale baino ez dira gelditzen eta horietako bat orain gutxi Sotheby´s enkante etxean 6.000 dolarrean hasi eta 37.000n saldu zuten. Bilbon ikusgai dagoena Ignacio de Aranaren senitartekoek utzi diote; Hawaiitik ekarritako egurrezko taula, berriz, 36ko gerran erre zuten, beharrak bultzatuta.
Surfaren historia hori ezagutaraztea da ekimen honen helburuetako bat. Vergerrek azpimarratu zuenez, azken bizpahiru hamarkadatan modan jarri den fenomenoa bada ere, Kantauri eta Galiziako kostaldean mende bateko historia du atzetik. Hala ere, inguru honetan ez zen 60ko hamarkadara arte piztu surferako zaletasuna –erakusketa honetan lekurik ez badu ere, Ipar Euskal Herrian 1957an hasi ziren lehenengoak Biarritzen–. «Kanpotik iritsitako eragin batzuen bidez, NO-DOan irudi batzuk, The Beach Boys taldearen disko azalen bat, azafata lanetan zebilen arrebaren batek kanpotik ekarritako aldizkariren bat... Bat-batean Asturiasko norbait, Galiziako besteren bat, hemengo bat... euren hondartzetan zituzten olatuak ikusita eta hemen taularik ez zegoenez, eurak hasi ziren taulak egiten eta itsasora animatzen».
70eko hamarkadan, «Woodstock europar» moduko bat bizi izan zen, «baina oso sanoa, kirol ikuspegikoa...», eta 80koa txapelketa handien garaia izan zen, bai Ipar Euskal Herrian bai Landetan. Azken hogei urtean izandako boom-ak nazioartean bertako izen ezagunak lehen postuetan sailkatzea ekarri du. Historia hori ezagutzeko, 13 metroko mural dago erakusketan, kronologikoki eta lau lurraldeen arabera sailkatuta, surfaren mugarri garrantzitsuenak azpimarratuta.
N-634
«Gutxi izango dira hondartza bakar batean gelditzen diren surflariak. N-634 errepidea ondo baino hobeto ezagutzen dugu denok, Hondarribitik Galiziaraino», aitortu zuen Vergerrek, duela hogei urtetik Gipuzkoan bizi den katalanak. Erakusketari izen horixe jartzea ere pentsatu zutela esan zuen.
Atal ezberdinetan banatu dute dena. Sarreran bideo historikoekin eta elkarrizketa ezberdinekin osatutako film labur bat dago, Buffalo taldeak musikatua. Omenaldi berezia ere eskaini zaio “3sesenta” aldizkariari. Surfean espezializatutako gaztelaniaz idatzitako lehena izan zen Santurtzin sortutako aldizkaria eta jada 25 urte bete ditu.
Harribitxi ugari ere bildu dituzte: ikusgai daukaten taula zaharrena 1970ekoa da, badira dagoeneko desagertu diren Genesis eta Bong marka bizkaitarreko taulak ere, Pukas-ek egindako lehenengoa... Azken urteetako objektu dezente ere bildu dituzte: Axi Muniainek olatu erraldoiak harrapatzeko erabiltzen duen uretako motorra, Aritz Aranburuk 1999an irabazitako Pro Junior txapelketako trofeoa, Ibon Amatriain eta Acero anaien taulak...
Erakusketak badu, bestalde, helburu didaktikoa ere, modulu ezberdinak prestatu dituzte horretarako. Horietako batean shape tailer baten irudikapena egin dute, surf taula bat egiteko behar diren tresnak eta prozesu tradizionala azaltzen dituena. «90eko hamarkadan sortu ziren lehenengo pre-shape makinak, eta horiekin modelatzen da foama, shaperak berak sartzen dituen parametroen arabera. Eta horretan dirau magiak; izan ere, shaperaren ezagutzarik gabe, teknologia ez da berez ohol onak egiteko gai».
Surf txapelketek izan duten garapena ere nabarmentzen da, lagun arteko bileretatik makro kontzertu eta guztiko hitzorduetara. Nazioarteko lau lehiaketa nagusiak azpimarratu dituzte: Pantin Classic (Galizia), Goanna Pro Tapia de Casariego (Asturias), Pukas Pro Zarautz eta Mundaka Pro.
Olaturik onenak ere seinalatu dituzte. Mundu osoan ezagun egin diren Mundakako eta Rodileseko ezker olatuak eta erregulartasun, iraunkortasun eta kalitateagatik ezagunak diren Meñakoz, El Brusco, Santa Marina, El Mongol, El Berberecho edo Doniños.