GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Ibarguren | Idazlea

Dira, dira, zezenak dira

Loreak mendian eta zezenak zelaian atsegin ditut. Jaiak ulertzeko eta sentitzeko beste modu bat badela ikasi dut eta tradizioak zer garen edo zer izan nahi dugun ulertzen lagundu behar ligukeela ondorioztatu dut. Horra pentsamenduak berritzearen erronka

Distantziatik baina era berean hurbiletik jarraitu dut gure herrian, Zestoan, bolo-bolo ibili den zekorketei buruzko eztabaida. Egia esan, aspalditik datorren soka da, mutur asko ditu, eta Udalak herri-kontsulta egitea erabaki zuenetik puri-purian agertu dira mutur horietako aurreiritzi, iritzi nahiz «atzeiritzi» guztiak. Zaharrak berri, beraz, gure herrian; edota berriak zahar, nahi bada. Dena dela, hausnarketa interesgarri eta aberasgarriak egon badira ere, gehienak tripetatik eginak iruditu zaizkit eta ezbaiaren mamia gehiago harro zedin legamia gehiegi erabili duenik ere izan dela esango nuke, zekorketen aitzakia -atez atekoarekin gertatzen ari den legez- marka politiko baten (Bildu, kasurako) aurka egiteko erabili baitute galdeketa, batzuen-batzuek. Baina, gertatuak gertatu, zalapartaren erdian hitzek izan duten gehiegizko zama kendu nahirik, eta eztabaidaren dialektika akuilutzat hartuz, neure gogoeta egin nahi dut, zer pentsatua eman didaten hausnarketa batzuen haritik tiratuz.

Azkenean ekainaren 3an egin da zekorketei buruzko herri-kontsulta eta parte hartzaileen %63k zekorketak antolatzearen alde egitea erabaki du eta %37,8-k aurka egin du. Bada emaitzarekin harritu denik edota galdeketaren beraren komenientzia zalantzan jarri duenik ere; baina, gustatu ala ez, politikoki abertzale kontsideratzen den gure herrian zekorketak oso errotuak daudela, begi-bistako kontua da. Errealitate hori ezin da ukatu. Beraz -bizitzaren paradoxak!- gurean ez du batak bestea kentzen. Normaltzat hartzen da. Hori izan da gure betiko eztabaida «antzestrala». Horregatik herri-kontsultaren egin nahia. Urterik urte aho txikiaz etxean, kalean edo lagunartean izaten zen eztabaida plaza publikora ekartzeko arrazoia. Behingoz, zirt edo zart egiteko gogoa. Zentzu horretan, zekorketak bai ala ez baino harago doan hausnarketa zabalago baten premia ikusi dut nik neuk.

Ez ote den gehiegi sinplifikatu. Lehenengo eta behin nolako festak nahi ditugun galdetu behar baitiogu geure buruari. Zekorketak barne izango dituen festa eredua nahi dugun ala, aitzitik, zekorketarik gabekoak. Izan ere, gure herriko festak oso lotuak egon dira betidanik zekorketekin.

Harrigarria da noraino barneratua egon den (dagoen) ikuskizun hori herritarren burmuinetan. Festak aipatu eta zekor- ketak etortzen zaizkio oraindik burura jende asko eta askori. Denborarekin, mendekotasun hori eten beharra dagoela deritzot, nik neuk behintzat bestelako festa eredu batean sinisten baitut, non ondo pasatzeko ez den zekor bat hil beharrik izango. Gainera, ez naiz ni ezer sakralizatze zalea. Egia da tradizio errotua dela gurean zekorketa, baina horrek ez du esan nahi urteek aurrera egin arau horrela izan behar duenik.

Tradizioa izanagatik ere, nik dakidala, tradizioak aldatu, moldatu edo eraldatu egiten baitira jendarteak eta kontzientziak aldatzen doazen heinean. Usadio baten biziraupena, hain justu, berritzeko gaitasunean datza. Bere garaian tradizioa izatea modernista izateko era zatekeen, baina garai horiek aldatu ahala tradizio hori anakroniko bihur daiteke, zekorketekin gertatzen den bezala, adibidez. Eduardo Galeanoren lizentziarekin, zezenketak eta monarkiak aberrazio hutsak baitira gaur eguneko jendarterako.

Egin den herri-kontsultak, dena den, bi irakurketa egiteko aukera ematen dizkit. Bata, ados, parte hartu dutenen gehiengoak alde bozkatu duela; baina, biga, kontrakoen artean %37k bozkatu izana ere adierazgarria da, hasiera batean «antitaurino» batzuen kontua baino ez zena, handitzen doan elur-bola baita. Eta datu hori ez genuen ezagutzen; orain, ordea, badakigu. Eta ez da oinarri txarra aurrera egiten jarraitzeko.

Gainera, elkar ezagutzen dugun herri batean, jakinekoa da, alde bozkatu dutenen artean gehiengo bat ondo pasatzera baino ez dela joaten zekorketetara. Festa egiteko ohitura bihurtu baita eta hori gabe (eta batez ere, Amparito Rocarik gabe) ez dago, agidanez, festarik. Kontra bozkatu dutenen artean, berriz, esan daiteke arrazoi etikoak ez ezik, kulturalak edota praktikoagoak ere egon daitezkeela tartean. Adibidez, festetako aurrekontu osoaren gehiena zekorketak antolatzeko erabiltzearen kontra daudenak. Beraz, badira bi talde, baina talde banatan ere badira azpitaldeak bakoitzak bere arrazoiak dituelarik alde edo kontra bozkatzeko. Nire irudiko, bederen.

Horregatik diot, neure arrazoiketarekin azkeneraino eginez, arazoa ez dela zekorketak bai ala ez bakarrik (hori ere baden arren), festa eredu bati buruzko gogoeta baizik. Eta gogoeta horretan sakonago eginez, bilatuko ditugu agian aurkitu nahi ditugun erantzunak.

Gure herriko jaietan zekorketak beti izan dira ikuskizunaren parterik nagusiena edo garrantzitsuena. Nahiz eta azken aldera indarra galduxeago duen. Ohitura esan dut, baina ohitura baino ohikeria bilakatu dela esango nuke zekorketak ikustera joatea. Hori bai, jaietako ikuskizun indartsuena izaki, munduko gauzarik normalena da plazara joatea. Festan parte hartzeko modua baita, askoren usterako. Donostiako su artifizialak edo Zuberoako pastorala ikustea bezala dateke gurean zekorketak ikustera joatea. Nik neuk nerabezaroan egin bezala. Oraindik akordatzen naiz zekor hila nola eramaten zuten arrastaka kamioi bateraino. Mihia kanpoan zuela, begiak mugitzen zituela oraindik, ezpataz zazpi edo zortzi aldiz hiltzen saiatu arren, larriki zauritua uzten baitzuten zekorra askotan. Kale kantoiko isilune horrekin gogoratzen naiz, eta plazako musika eta oihuen harrabotsarekin. Horra, gure zekorketen glamour erabatekoa. Festa eta algara alde batean eta isilunea beste aldean.

Gerora, kontzientzia deitzen den aldaba horrek jotzen zaitu barru-barruan eta, zail egiten da gehiengoak osatzen duen normaltasunaren aurka egitea, betiko ohituren ur-lasterren kontra egitea; baina, egun, argi dut ondo pasatzeko ez dudala horren beharrik; ez dudala horrelako usadiorik nahi.

Loreak mendian eta zezenak zelaian atsegin ditudala. Jaiak ulertzeko eta sentitzeko beste modu bat badela ikasi dut eta tradizioak zer garen edo zer izan nahi dugun ulertzen lagundu behar ligukeela ondorioztatu dut. Horra, pentsamenduak berritzearen erronka.

Arteaz ez dakit gauza handirik, baina zezenketa artea ez dela ulertzeko gai banaiz, neure motzean (artea, besteren artean, Zumetak egiten duena da). Zezenzale porrokatuek, ordea, hala diote, heriotzaren eta bizitzaren arteko jokoa dela; toreatzailearen mistifikazioaz hitz egiten dute, eta abar. Baina, animalia bati oinazea eragitea, diot nik, artea ez beste guztia da. Eta hala balitz ere (demagun), ez luke justifikatu behar horrelako oinazerik. Zeren eta oinazea egon badago, hori begien bistakoa da; besterik da oinaze horrek nola ukitzen gaituen. Sentsibilitate kontua baita. Eta sentsibilitatea, umorea legez, bakoitzak berea du. «Animalia bat baino ez da-eta», esango du baten batek, gu gizakiak baino ez garen antzera, bestalde. Henry David Thoreau filosofoak ederki esan zuen, txantxetan hiltzen dugun katagorria benetan hiltzen dugula. Alegia, gizakia dela plazeragatik min eman edo hiltzen duen animalia ugaztun bakarra. Zera. Antropozentrismo kontuak. Kontzientziaren kontzientzia dugun animaliak omen gara (gogoratzen sapiens-sapiens harekin?) eta horrek desberdintzen ei gaitu beste animaliekiko. Horrek ematen digu, antza, nagusitasuna. Eta etxean otso eta kalean uso ibiltzeko baimena, gaineratuko nuke.

Bukatzeko. Uste dut herri-galdeketa egitea positiboa izan dela. Ez dela txartzat hartu behar. Hemen ez dela ezer amaitzen. Aitzitik, esango nuke, gogoeta baten abiapuntu bat ere badela, halako test moduko bat edo izan delako. Emaitzak emaitza, eztabaida inoiz baino irekiago dago, atera den argazkia zehatzagoa da eta aurrera begira sakontzeko motiboak badira, nire uste apalean. Hori bai, 300 urte baino gehiago dituen tradizio edo ohikeria baten transformazioaren alde egiten jarraitu beharko da apurka-apurka, bestelako festa eredu bat gauzatuz eta ondo pasatzeko oinazearen beharrik ez dagoela erakutsiz. Eta herritar guztien artean egin beharko den zerbait izango da edo ez da izango. Agian egunen batean.

XXI. mende honetan, konbentzituta nago zekorketarik gabeko festa eredu bat balio erantsi bat dela. Zekorketak barne hartzen dituen festa eredu batekin batzuek baino ez dutela irabazten; zekorketarik gabeko ereduarekin, aldiz, denok irabaziko dugula.

Horregatik bilatu behar ditugu gaurko galderetan biharko erantzunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo