Uztaritzeko gazteak Udalak beren gauzak lekualda ez ditzan lokala zaintzen ari dira
GARA | UZTARITZE
Atzo goizetik Hitz Open gazte taldeko 40 bat kide Udalak behin-behinean utzitako lokalaren aitzinean paratuta daude, Uztaritzeko Herriko Etxeko langileek beren gauzak bertatik ateratzea ekiditeko.
Gazte taldeak liskarrak ditu Udalarekin, gaztetxearen lokal berrira igaro aurretik gazteek hitzarmen bat sinatu nahi dutelako.
Besteak beste, agiri horrek gaztetxearen funtzionamenduaz eta kudeaketaz gazteak eurak arduratuko direla jasotzea nahi dute, baina auzapezak uko egin dio sinatzeari. Hori dela eta, hainbat protesta eta mobilizazio egin dituzte egunotan, tartean udalbatza aretoa okupatu zuten joan den ostiralean.
Hitzarmena
Hain zuzen ere, aretoa uztearen truke, hiru urteko hitzarmena sinatuko zutela hitz eman zien gazteriaz arduratzen den zinegotziak eta hori gauzatu arte gazteek ez dute lokal berrira joan nahi.
Atzo Herriko Etxeko langileek gazteen gauzak lokal zaharretik berrira lekualdatzeko asmoaren berri ukan zutelarik, bertaratzera deitu zuten bertatik ezer atera ez zezaten.
Eguna lokala behatzen igaro zuten, baina udal langileak ez ziren azaldu.
Hitz Openeko gazteek bisita anitz jaso zituzten egunean zehar eta arratsean barbakoa bat antolatu zuten bildutakoen artean. Eguna «giro onean» igaro zela nabarmendu zuten, Udalak hitzarmena sinatzen ez duen bitartean, lokala behatuko dutela aginduta. Gauean ere bertan geratzekotan ziren.