GARA > Idatzia > Kultura

Bixente Ameztoyren bi lanen erreplikak lapurtu dituzte asteburuan Villabonan

p039_f01_98x121.jpg

GARA| VILLABONA

Bixente Ameztoyren bi lanen errepliken lapurreta gertatu da asteburuan Villabonan. Margolariaren bi artelan horien kopiak -plotter bidez ateratakoak-kiroldegiko eraikinean eta herriko Berdura plazan zeuden, hurrenez hurren. «Bixente Ameztoyren obrak kalera ateratzearen helburua izan da herritarrei artistaren lana eta izana gerturatzea. Bandalismo kasu hauek Villabona-Amasa herriaren irudia kaltetu ez ezik, herritarrek kulturaren zein bestelako arloen ezagutza zabaltzeko duten eskubidea errotik mugatzen dute», azaldu zuen Udalak.

Bixente Ameztoyren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Villabona-Amasako kaleetan artistaren zenbait lanen erreplikak jarri zituzten bere omenez.

Ekimenak herritarren artean harrera «bikaina» izan duela berretsi du Udalak: «Oro har, Bixente Ameztoyren lanarekiko eta berarenganako mirespena eta errespetua erakutsi dute herritarrek».

«Lapurreta hau kasu bakana baino ez da izan, baina gure eginkizuna da herritarrei gertatutakoaren berri ematea», gehitu zuten Udaleko iturriek.

Bixente Ameztoy (Donostia, 1946-Villabona-Amasa, 2001)) euskal margolari surrealista izan zen. Bere lanak urriak dira; hainbat Bilboko Arte Eder Museoan daude. Zinemarako ere lan egin zuen. Bestalde, «Argia» eta «Euskadi Sioux» aldizkarietarako lan egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo