GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta | Irakaslea

Agintarien dominen distira itsugarria

Egun hartan, Jainko txiki hark guztiok erreberentzia egitea nahiko zukeen, bai eta eskerrak eman bera barik gure udalerrian inork ez baitzuen musika plazetan joko

Benito Lertxundiren kanta batek dio: «Ilargiak tranpa egiten du uretan isladaturik». Orain egun batzuk, irakasleon formazio ikastaro batean ikasitakoaren arabera, gizakioi ilargi berak egiten digu argi, baina bere isla ezberdina izaten da nondik ikusten den, non islatzen den, zelan ikusten dugun... Bizitzaren bide malkartsuan egiaren bila goaz aurrera. Esperientziak lagunduko digu egia hori identifikatzen, eta hasieran ez dugu sumatuko, harik eta egun batean etxe ondoko osinean distira bitxi bat ikusten dugun arte. Distira hori guk bitxi eta bakar bihurtzen dugu, eta horrek bitxi eta bakar bihurtzen gaitu. Alabaina mundua zabala eta anitza denez, milioika osin topa dezakegu zeruan izarrak legez. Unibertso horretan norberaren osina zati nimiño bat da, eta bakoitzari bere uretan ilargiak modu desberdinean egingo dio distira. Horra hor gatazka eta ezinegon askoren iturria.

Era berean, distira horren eraginez geure argi propioa eskuratuz goaz, eta argi horrek urrunetik identifikatuko gaitu, gau ilunetan ipurtargiak legez. Era horretan, munduan zehar milaka kolore eta tonu nagusitzen dira, eta mundu hotz eta latz honen aurrean nor izaten lagun- tzen digu, bakarrak geure espeziean. Bakarka nimiñoak gara, baina argi multzoak lur-gainari kolorea ematen dio, eta bere aniztasunak goitik behera inarrosiko gaitu, hamaika buruhauste eta zalantza tartean, gizaki legez aberatsago, gizakiago egingo garelarik.

A ze mundu polit eta ideala, denak ipuin bat dirudi, eta ipuin baten tankera izan zezakeen tartean ehunka politikari eta agintariren dominek gezurrezko argitan distira egingo ez balute, ezen erakusleiho mediatikoan eurek protagonismo handiena hartzen baitute, lau urterik behin boza jasotzeak gure izenean edozer egiteko korsu agiria emango balie bezala. Adibide gisa, ekainaren 19an aberats fama duen Bizkaiko kostaldeko herri batean kokatua dagoen Udal Musika Eskolak egindako 25. urteurreneko ekitaldia dugu. Ekitaldi haren izarrak ehunka ikasle eta irakasle zintzo eta prestu ziren printzipioz, publikoari ahaleginez prestatutako piezarik ederrenak erakutsiko zizkiotenak, nork bere argi propioaren distiraz jantzita. Alabaina, argi unibertso txiki hura, musika munduarekin zerikusirik ez duen zinegotzi handiki puztu behinola telebisibo baten eta bere dominen argi itsugarriak ordezkaturik agertu zen, oholtzaren gainean denok entzun gura genuen musikaren partez egundoko erretolika aspergarria barreiatuz, domina faltsu haien distira jendarte haren argi naturala ordezkatu behar balu bezala. Agerraldi hantuste hark, ostera, marko bat behar zuen, eta zein hobea eskolako ehunka ikasle eta irakasle haien agerraldia baino. Haren emaitza: handikeria 3, gizalegea 0. Eta hamaika ikusle eta entzuleren poza putzuan amildua, musika agerraldi aberats bat ikusi baino, zeremonia eskas baten lekuko izan zirelako.

Edozelan ere, agintari bati meritua aitor niezaioke, soilik gure ondasunen kudeatzaile gisa, soilik gure jendartearen babesle gisa, baina soilik betekizun hori zintzo eta garden beteko balu. Zoritxarrez, euren apaltasuna erakutsi barik harrokeriaz begiratzen gaituzte, euren eskuek jaten emango baligute legez, guri jaten ematen diguna geure lana dela, eta haiek kudeatzen dituzten diru eta ondasunak guztionak direla ahazturik. Era horretan instituzioen sendotasuna harresi, herritar xumeok hamaika mespretxu eta inposaketa jasan behar dugu, jendartearen unibertsoak antola ditzakeen saio ikusgarri eta atseginen ordez, zeremonia eta antzezpen antzuak nagusitzen direlarik.

Horra hor gizaki botereduna jainko txiki bihurturik, beste hamaika agintari legez. Egun hartan, jainko txiki hark (jendaurrean Jainko legez agertu guran zebilena) guztiok erreberentzia egitea nahiko zukeen, bai eta eskerrak eman bera barik gure udalerrian inork ez baitzuen musika plazetan joko. Gizakiok, ostera, nork bere jainkoa daramagu gorputz eta ariman, eta bere argiaren distira nahikoa delarik ez dauka dominen argi itsugarrien beharrik, argi bat zeinak ehunka argi natural horiek estaltzen ahalegintzen den. Domina horiek engainagarriak dira inondik ere, baina berez latorrizkoak, eta goiz ala berandu zakarrontzi baten bezero izatea dute patu.

Laburbilduz, lur-gain zigortu honetan gizakiok argi unibertso bat osatzen dugu, argi hori nahikoa delarik beste ezelako euskarri faltsurik behar izan barik. Horren kontzientzia hartuz gero, ziur egon domina faltsuen distiraren partez dominez beteriko zakarrontziak nagusituko zaizkigula, eta horiek zokoratuta zeruko ilargiak gure osinean egingo duen distira sanoaren izpien edertasunaz jantzirik agertuko gara. Hortik aurrera, denon ardura izango da ilargiaren tranpen kiribilak ulertzea eta hausnartzea, dominen iluminazioz jantziriko handikien gidaritza faltsu eta antzua behar izan barik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo