EH JAIETAN
Inoiz baino herrikoiago eta bisitarien zain, hemen dira Sopelako San Pedro jaiak
Jai parte-hartzaileak izango dira. Hala, adin guztietako jendearentzako ekintzekin, euskara bultzatzeko helburuarekin eta herriko musika zein kuadrillak goraipatzeko xedearekin abiatu dira gaur Sopelako San Pedro jaiak, hainbat berrikuntzarekin. Aurten, txosnak herriaren erdian kokatuko dira, tabernetatik gertu eta egunean zehar ere irekiko dituzte. Bestalde, eraso sexistak ekiditeko lanketa berezia egingo da.
Jon ADAN | SOPELA
Gaur hasi eta igandean bukatuko dira Sopelako San Pedro jaiak. 20.30ean emango diote hasiera festari, Udaletxeko plazan pregoia eta txupinazoa botata. Sopelako Jai Batzordea eta Miren Loizaga bertsolaria arduratuko dira horretaz. Ondoren, «Gaur da gure eguna» Sopelako jaietako abestiaren aurkezpena izango da Jare taldearen eskutik eta Kepa Junkeraren kolaborazioarekin.
Aurten, Jai Batzorde herrikoia arduratu da jaien antolakuntzaz, eta herriko hainbat eragile, auzokide, udal ordezkari eta langilerekin batera, jai euskaldun, parte-hartzaile eta koloretsuak osatu dituzte. Betitxe Saitua Sopelako Udaleko Kultur zinegotziak GARAri adierazitakoaren arabera: «Erronka nagusia parte hartzea sustatzea izan da. Gazte, heldu eta adinekoei zuzendutako egitarau zabal eta aberatsa landu dugu, herritik eta herriarentzat egina».
Hartara, Udaletxe plazan, txosnagunean, Artaza, Elizalde zein Jauregizar plazan, Zipiriñe Eskolan edo frontoian hamaika ekintza izango dira: antzerki emanaldiak, tailerrak, kontzertuak, jolasak, kirol ekitaldiak, lehiaketak, eta abar.
Bestalde, euskara sustatzea beste helburuetako bat dela adierazi zuen Saituak: «Haurrei zein familiei zuzendutako ekintza guztiak euskaraz izango dira, eta gainerako ekitaldietan lehiaketetan zein antzerkietan esaterako, euskararen presentzia bermatzen saiatu gara».
Helburu horiek betetzeko hainbat ekintza antolatu dituzte aurtengo egitarauan eta berritasun ugari dakartza. Horietariko bat txosnagunearen lekualdatzea izango da; elizaren ondoan kokatuko dira aurten, herriaren erdian, tabernetatik gertu. Halaber, Txosna Batzordeak egunean zeharreko jai giroa bultzatuko du eta hori dela-eta, txosnak goizetik zabalik egongo dira. «Aurreko urteetan Loroñoko aparkalekuan zeuden txosnak eta gau giroa bakarrik zegoen. Aurten, herriaren erdira hurbildu ditugu, tabernetatik gertu; modu horretan jende gehiago hurbiltzea eta eguneko giroa bultzatu nahi dugu», esan du Saituak.
Herriko musika taldeen parte hartzea ere sustatu dute: Soul Stompers, Napalm, Ruste, Rise to Fall, Overdriver, Sobieht eta No drama. Horretaz gain, izen handiko musika taldeak ere izango dira: Banda basotti, O' Funk'illo, Jare, Kokein, The Cherry Boopers...
Kultur zinegotziak horrela azaltzen du: «Herriko taldeak goraipatu nahi ditugu, talde handien aurretik telonero gisa jarrita. Bestalde, Sopelan badaude bi talde profesional, Rise to fall eta No Drama; horiek talde nagusi moduan aurkeztu nahi ditugu».
Argazki-maratoia
Aurtengo beste berrikuntza bat Jai Batzordeak antolatutako argazki-maratoia izango da, jaietan zehar ateratako argazkiak bildu eta, jaien ostean, argazki horien erakusketa egiteko. «pertsona bakoitzak jaietan zehar ateratako bi argazki aurkeztu ahal izango ditu, zenbat eta bitxiagoak eta kuriosoagoak hobe», dio Betitxek.
Bestalde, Jai Batzordean aurtengo jaietan gerta daitezkeen erasoak ekiditeko lan egingo dutela adierazi zuen Saituak. «Lanketa berezia egingo dugu eraso sexisten aurka, txosnetan pegatinak eta kuña informatiboak egongo dira, eta eszenatoki desberdinetan irakurketa bereziak egingo dira».
Horiek horrela, Sopelara datorren bisitari orori, jaiaz gozatzeko, besteenganako errespetua izateko, eta herriko kaleak kolorez eta soinuz betetzeko deia egin zioten.