GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN

«Sanpedruak» Eskoriatzan, gogo eta gustu guztientzat aukerak herritarren neurrira

Atxorrotz mendi magikoa herriko jai giroaren lekuko mutu dela, eskoriatzarrak prest dira dagoeneko krisi garaiak alde batera utzi eta San Pedro jaiak tope-topera bizitzeko bisitariekin batera.

p020_f02.jpg

Mañel LARENA | ESKORIATZA

Sanpedruak iritsi dira Eskoriatzara eta jaiekin batera, herritarren zoriontasun eztanda frenetikoa. Arratsaldeko seietan txupinazoak eta kanpai-hotsek emango diete hasiera San Pedro jaiei eta lau egun eta gauez gazte zein zahar, eme ala ar, festa giroan murgilduko dira gustu ezberdintzat aukeraz lepo datozen festetan. Azken aspaldian, krisia dela eta ez dela pilatutako arazo, itolarri eta miseriak gorabehera, norberaren onena atera eta Eskoriatza bezalako herri dinamiko baten neurriko jaiak bizi-bizi gozatzeko unea heldu da azkenean.

Txupinazoaren ondoren, eskoriatzarrentzat kuttuna den danborrada dator gauean, ospakizun sentitu eta herritarra. Gero, gauari bizia emateko, dantzaldia plazan ala kontzertuak txosna gunean, bakoitzak erabaki dezala. Eta eguraldia lagun, gauaren freskurak ordu txikietarainoko plana erraztuko du, bai. Indartsu ekinez, datorrenari begira arrastoa utziz.

Ostirala, San Pedro eguna, goizetik egongo da zer gozatu. Prozesioa eta meza sinestunentzat, pailazoak haurrentzat eta ez hain haur direnentzat, musika herriko bandaren eskutik. Kalean gora, kalean behera, ardo beltz eder bat ala txakolinarekin gogoa piztuz eta urdaila prestatuz. Arratsaldean pilota partidak, «Neskabaret» ikuskizuna plazan, eta gauean batukada, dantzaldia eta, batez ere, «Herri taupadak» ikuskizuna izango dira gozagarri. Egunean zehar gazteen grazia eta sasoia ez dira ez faltako.

Larunbatekoa, bestalde, bixamonie arindu eta jaien azken txanpari gogotsu ekiteko eguna izango da; goiz partean txistularien kalejira, haurrentzat zezen-txikiak eta poniak, gurasoentzako rantxerak... izango dira. Bapo jan eta bazkalostea tertulien gozaroan lagunartean ederto igaro ostean, iaz arrakasta itzela izan zuten koadrillen arteko jokoetara azaltzeko aukera izango da arratsaldean, banderie nork irabazten duen gertu-gertutik ikustera. Pike sanoak, barre algarak eta bizi-bizirik dagoen herri baten bizkortasuna ikustekoak izango dira.

Gauean, Triki Trake taldearekin dantzaldia plazan, txosna gunean parrillada herrikoia eta play-back txapelketa eta Gorosarri plazan Spikedrivers taldearen kontzertu kitzikagarria izango dira, publiko eta gustu partikularrenentzat ere aukeran. Jaietako azken txanpa gainean, eta gogor hasi den eguna are gogorrago bukatzea gomendagarria denez, gaupasa eder batek ia-ia planik naturalena dirudi. Bertan, eskoriatzarrekin batera, Debagoieneko auzotarrak, muga-mugan dituzten arabar anai-arrebak eta Durangaldeko lagunak elkartuko dira. Ohi legez, Eskoriatza Atxorrotz magikoaren zaintzapeko herri koskorra izateaz gain, eskualde ezberdinetako lagunen pausaleku paregabea ere baita.

Azken egunerako: Euskal Jaia

Igandea egun kuttuna dute eskoriatzarrek. Euskal Herriko musika, dantza, jakiak... finean erroak, garena eta izango garenaren erakusgarri.

Taloak, sagardoa, txistulariak, trikitilariak nahi beste izango dira goiz eta eguerdian zehar. Gero, haur eta helduentzat espresuki egokitutako bazkari herrikoia izango da Santa Mariñe plazan. Haurrek bazkalostean apar festa izango dute eta gero, den-denek, arratsaldeko zazpietatik aurrera, VI. Sanpedruetako Kantu Txapelketa izango dute ikusgai plazan. Kantuak ikusi eta segidan, dantzarako gomita iritsiko da Ingoaldeu taldearekin. Barne poz batean eta gorputza suelto astinduz iritsiko dira gauerdian ikurrinaren jaitsierara herritarrak; egitarau ofizialari dagokionez bederen orduan amaituko dira jaiak azken trakarekin. Hortik aurrera, baina, gaua luze da oraindik eta azken eguna ere xurgatu egin behar da.

Ondo pasau jaixak, inorekin pasatu gabe eta jaietan izatea nahi eta izaterik ez dutenak beti presente. Ez gaude denok! Egon arte, baina, egonean egoteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo