Laura MINTEGI | Idazlea
«Barrura begiratzeko leihoak»
Joan den larunbatean talde txiki bat zinema batean elkartu ginen dokumental bat ikusteko, tartean lanaren bost zuzendariak, ekoizleak eta dokumentalean azaltzen diren pertsonak; pare bat dozena lagun ozta-ozta.
Filma amaitu eta argiak piztu zirenean, ez ginen gai aulkitik altxatzeko, besaulkian itsatsita sentitu ginen. Ezin mintzatu. Elkarri begiratu eta kanpoaldera atera ginen arnasa hartzera, zigarroa piztera, ikusitakoa eta entzundakoa nola edo hala digeritzera.
Josu Martinezen eskutik Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik egin dituzten bost dokumentalek inflexio-puntua ezarriko dute herri honen adierazpen artistikoan. Bertan esan genien moduan, hemendik urte batzuetara hartuko diogu neurria apustu honi, mugarria izango baita gure historiaren kontaketan.
Finezia, indarra, umiltasuna, aldarria; dena batera, kontraesankorra badirudi ere. Apal eta sendo azaldu dituzte bost errealitate (bostehun ere izan zitezkeen, zazpiehun ere bai), eta edozeinen aurrean jarri dituzte ikusgai, kalifikatu gabe, nork bere irakurketa egin dezan. Ez dago adjektiborik, substantibo hutsa da, egitateak, errealitate zatiak.
Espainiako Barne ministroak Bildu ilegalizatzeko mehatxua egin du Donostiako Udalak ekoizleei 9.000 euroko diru laguntza ematen badie. Artean ez dute dokumentala ikusi, noski. Fiskalak dokumentalean ez du topatuko hitz bakar bat ere terrorismoaren apologia kontsidera daitekeenik. Ezin esango du testuak ETAren alde egiten duenik. Ez dago apologiarik. Ez dago tesi politikorik. Apologeta, izatekotan, begirada da, bost zuzendariek agertu duten begirada zintzo eta gardena.