Inorentzat atsegina izan gabe ere, keinu garrantzitsua izan zen bosteko historikoa
Atzo Belfasten Elizabeth II.a erregina britainiarraren eta Martin McGuinness Sinn Feineko buruzagi eta Ipar Irlandako Gobernuko presidenteordearen arteko bostekoa ez zen adiskidetasun keinua izan, baina ezin uka haren garrantzia. Izan dira atzoko bileraren eta ondorengo bostekoaren irakurketa interesatuak, McGuinness, bere herria zapaltzen duen Estatuaren ordezkari nagusiari eskua luzatuta, ia bere printzipioei bizkar eman izan balie bezala aurkeztuta. Halere, alderantzizko irakurketa ere egin liteke: Estatu ahalguztidun horren ordezkari gorenak urte luzeetan haren kontra jardun duen erakundeko buruzagi bati bere errespetua agertu ziola. Keinuaren testuingurua ez da Elizabeth II.ak tronuan daramatzan 60 urteen ospakizuna -Sinn Feinek uko egin baitio horietan parte hartzeari-, baizik eta bake prozesua. Eta testuinguru horrek ulergarri egiten du bosteko historiko hori. McGuinnessek esan zuenez, Ipar Irlandako unionistenganako errespetu gisako keinua izan zen berea, eta ez erreginak ordezkatzen duenaren onarpena. Baina keinua alde bietakoa da eta, ziur asko, inorentzat atsegina izan ez bazen ere, bi aldeen apustuaren adierazle da. Beste leku batzuetan sumatzen ez den prestasuna.