GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urriaren 13ko mobilizazioa girotzen hasteko, «lib dub» bat egingo dute EHZ jaialdian

Herrira mugimendua urriaren 13an Baionan egingo den manifestazio nazionala antolatzen buru-belarri ari da. Aurrekari gisa, hainbat ekimen egingo dituzte, horietako bat igandean Heletan egingo duten «lib dub»-a. 70 pertsona ezagunek bat egin dute jada mobilizazioarekin.

Arantxa MANTEROLA |

Ipar Euskal Herriko Herrira mugimendua bete-betean ari da urriaren 13rako Baionan deitu duten manifestazio nazionalaren prestaketa lanetan. Aurrekari gisa eta ahalik eta jendetsuena izan dadin, zenbait ekimen egingo dituzte udan zehar.

Lehenetakoa asteburu honetan bertan izango da, Heletan. EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren karietara, igandean 13.30ean lib dub bat egingo dute, Herriraren helburuak azalduko dituena. Xutik eta Itziarren Semeak taldeek izenburu berberarekin sortutako abestian oinarrituta, euskal gizarteko jende ezagunak eta ez hain ezagunak parte hartuko du. Antolatzaileek dei egin diote bertaratzen den orori, «euskal preso eta iheslariei eta beren familiei elkartasuna adieraztea» xede duen ekimen garrantzitsuan parte hartzera.

Udan banatuko den 12 orrialdeko egunkari bat argitaratuko dute (100.000 ale), Herriraren helburuak eta informazioa jasoko dituena. Hamar egunen buruan, egoitza berria zabalduko dute Baionako Pontrique karrikan. Lagundu edo informazioa eskuratu nahi duten guztientzako irekia izango da.

Horrez gain, argazki lehiaketa ere jarri dute abian udan, preso eta iheslarienganako elkartasuna agertzen duten argazkiak eta urriko manifestaziorako atxikimenduak erakusten dituztenak bidal daitezke ur13octargazkia@gmail.com helbidera.

Giza-eskubideen «aita»

Rene Cassin Giza Eskubideen Adierazpenaren sortzaileetako bat jaio zen Baionako etxearen ingurua aukeratu zuten Herrirako kideek urriko mobilizazioaren helburuak gogorarazteko.

«Gatazka konpontzeko, bere ondorioei ere, bereziki euskal preso eta iheslarien alde neurriak hartuz», heldu behar zaiela nabarmenduta, Gobernu frantses zein espainolari lege bereziak deuseztatzeko eta haien eskubide demokratikoen errespetua exijitzeko, Baionako karrikak jendez gainezka jartzeak berebiziko garrantzia duela esan zuten.

Dagoeneko gizarte esparru askotariko pertsonen, profesionalen eta hautetsi batzuen atxikimendua jaso du manifestazioak. Horien artean dira, Frederique Espagnac senataria, Sylviane Alaux diputatua, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko lehendakariordea, Antoine Comte abokatua, Maurice Rajsfus historialari eta idazlea, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Jean-Louis Ladouche Azkaineko auzapeza, Mattin Partarrieu margolaria, Laurence Hardouin abokatua eta Cimadeko bozeramailea, Jacques Gaillot apezpikua eta Odei Barroso bertsolaria.

Aldizkaria

Herriraren helburuak eta manifestazioari buruzko informazioa jasotzen duen aldizkari bat banatuko dute. Bestalde, laguntza eman nahi duenak edota informazio gehiago nahi duenak Baionako Pontrique karrikako egoitzara jo dezake.

ARGAZKIAK

Preso eta iheslarien aldeko elkartasuna islatuz edo urriaren 13ko manifestazioari atxikimendua adieraziz argazki lehiaketan parte hartzera dei egin du Herrirak. Argazkiak «ur13otzargazkia@gmail.com» helbidera bidal daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo