GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako Gobernuak «Bertsolaritza irakaskuntzan» programa bertan behera utzi du

Orain dela egun batzuk, telefono dei baten bitartez, hurrengo ikasturtetik aurrera egitasmoak ez duela diru laguntzarik izango jakinarazi zuten, horretarako bideratutako partida kendu beharra dagoela-eta.

p057-f01_98x141.jpg

GARA | IRUÑEA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak «Bertsolaritza irakaskuntzan» programa bertan behera uztea erabaki du. Hurrengo ikasturtetik aurrera egitasmoak ez du diru laguntzarik izango, bideratutako partida kendu beharra dagoelako.

Modu horretan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak 2011ko udan hiru urterako sinatu zuten akordioa deuseztatu du Hezkuntza Departamenduak.

15 urteko ibilbidea

Bukatu berri den ikasturtean 1.100 inguru izan dira programa jaso duten ikasleak, Nafarroako 31 ikastetxetan. Horren trukean, Gobernutik 48.000 euro jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Hezkuntza Departamenduak programaren heren bat baino ez zuen finantzatzen, gainerakoa udal eta mankomunitate askoren ekarpenari esker finantzatu izan da.

1997tik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek «Bertsolaritza irakaskuntzan» egitasmoan parte hartu dute. Ordutik hona milaka ikaslek izan dute ikastorduen barruan bertsolaritza eskolak jasotzeko aukera. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek urte osoko ikastaroa jaso izan dute, asteroko maiztasunez, urritik maiatza bitartean, 30 orduko ikastaroa eginez.

Bertsogintzaren oinarrizko ezagupenak eta teknikak ikasteko balio izateaz gain, programak bestelako onura asko ditu ikasleentzat: geletan euskara erabiltzeko modu ezin egokiagoa da, hizkuntzaren alderdi jostagarria erakusten die gazteei, haiena ez den rol bat hartzen eta ondokoa entzuten ikasten dute, ahozkotasunaren garrantziaz jabetzen dira.

Haserrea

Urte hauetan guztietan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hartu du programa kudeatzeko ardura, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin izan dituen hitzarmenen bitartez. Bertsolaritzan eta hezkuntza baliabideetan formazioa duten irakasle espezializatuak arduratu dira eskolak emateaz eta ikastetxeekin koordinatzeaz.

Ekimena jaso duten ikastetxeek ezin hobekiago baloratu izan dute 15 urtez garatu izan den programa, eta hala adierazi izan diote Hezkuntza Departamenduari Nafarroako Bertsozale Elkarteari urtero eskatzen zaion balorazioaren bitartez.

Halaber, programa horren ordu kopurua handitzea ere eskatu izan dute urte hauetan guztietan.

Erabakia horren aurrean, Nafarroako Bertsozale Elkarteak harridura, kezka eta haserrea agertu du, eta Hezkuntza Departamenduari iaz sinatutako kontratua betetzeko eta horren beharrezkoa, onuragarria eta errentagarria den «Bertsolaritza irakaskuntzan» eta programa finantzatzen segitzeko eskatu dio.

Gasteizen ere bertsolari txikiak oinutsik

Joan den otsailean, PPk gidaturiko Gasteizko Udalak Arabako Bertsolarien Elkartearekin zuen ituna bertan behera uzteko asmoa azaldu zuen.

Elkarteak jasotzen zuen 50.000 euroko laguntzarekin, 30 urte dituen Bertso Eskola zein hiriko zazpi ikastetxetako 700 ikaslek hartzen zituzten eskolak finantzatzen zituzten.

Bertsolari gasteiztarrek Bildu, PSE eta EAJ alderdien sostengua dute Udalak erabakia atzera bota dezan. Bestalde, joan den astean, AEK eta Geu Gasteiz Euskalduna taldeko ordezkariek euskararen kontrako diru murrizketak geldiarazteko eskatu zuten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo