GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Juan Luis UBERA | ELgetako lau eta erdiko txapelketaren antolatzailea

«Gure azken txapelketa da eta ez dakit inork erreleboa hartuko ote digun»

Elgetako Lau eta Erdiko Txapelketa afizionatu mailako garrantzitsu eta ezagunenetakoa da. Biharkoan 36. edizioko finalak jokatuko dira eta oraindik ere ez dago argi datorren urtean lehiaketak jarraipenik izango ote duen. Urte askotako lan eskergaren ondoren, Juan Luis Ubera eta bere taldeari erretiroa hartzeko garaia heldu zaio, eta ordezkatuko dituen norbaiten zain daude lehiak etorkizuna izan dezan.

p051_f01_345x435.jpg

Jon ORMAZABAL

Krisiak kirol txapelketa ugariren amaiera ekarri du, baina musu truk lan egiteko prest dagoen jendearen gabezia ere arazo handia da.

Zer balantze egiten duzu aurtengo txapelketaz?

Aurtengoa normal joan dela esan genezake, kadeteetan 60 pilotarik hartu dute parte eta 23 urtez azpikoetan 66 lagunek. Gaur egungo pilotaririk onentsuenak hemen izan ditugu eta izan dira bai partida politak.

Goazen banan-banan. Zer esan dezakegu kadeteen inguruan?

Nik uste dut hamabi edo hamasei pilotari oso onak daudela. Finalera heldu direnak Altuna eta Irribarria izan dira eta normaltzat jo daiteke, baina beste dozena bat edo zortzi bat pilotari oso on ere badaude, eta edozein sar zitekeen. Hala ere, bada egin beharreko beste hausnarketa bat. Herri asko eta askotan esan digute ez dutela kadeterik; kategoria horretako kopurua jaitsi egin da, nabarmen gainera. Hori apur bat arduratzekoa da; inguru batzuetan badaude kadeteak, baina beste batzuetan, Gipuzkoan bertan, ez dago maila oneko pilotarik, eta hori, etorkizunera begira, kezkagarria da. Finala edonork irabaz dezake.

Eta 23 urtez azpikoetan?

Alzelai hasieratik zegoen faboritoen artean eta niretzat Elezkano II.a ere faborito handia zen; kanpoan geratzea nolabaiteko ezustekotzat jo daiteke. Nabarmendu behar da Urbietak lau edo bost partida irabazi dituela pilotari oso gogorren aurka eta maila oso ona eman duela gainera, jokoan dagoela erakutsiz. Gero beste partida batzuk ere egon dira oso onak; Santxok eta Urionak jokatutako batzuk oso onak izan dira adibidez.

Orokorrean hitz eginda, maila ona egon da, baina agian urte batzuetan 17 edo 18 urterekin egon diren figurak falta izan dira . Zer esango dizut ba, Beloki, Eugi edo Olaizola, adin horrekin hemen jokatu zutenean, gehiago nabarmentzen ziren. Ez dut uste maila jaitsi denik, orokorrean ziurrenik maila hobea dago, baina figura horiek falta dira agian.

Lau pilotari gipuzkoar sartu dira finaletan...

Horrelakorik sekula ez da gertatu. Aurrekoan hori komentatu genuen eta begira ere jardun ginen; azken 20 urteotan behintzat, ez da halakorik gertatu. Pare bat aldiz tokatu izan da hiru nafar egotea, baina sekula ez laurak herrialde berekoak izatea.

Horrenbeste urte antolaketa lanetan eman ostean, aurtengoa izango da azkena?

Bai, hala erabakita daukagu. Aurtengo txapelketa hasi zenerako azkena zela erabakita geneukan, laga egiten dugu. Ez dakit inork jarraituko duen edo ez. ETBkoek ere galdetu didate, ea aholkulari bezala lagunduko nuen, eta nik baietz, baina klubeko ardura ez dugu hartuko.

Arazoa, beraz, ez da ekonomikoa. Ardurak hartuko dituen jendea falta da, ezta?

Gazteen artean ez dago borondatezko lana egin nahi duenik, hori argi daukat. Egun baterako ez dago arazorik, baina ez daude prest urte guztirako konpromisoa hartzeko. Lau eta Erdiko Txapelketaz gain, probintziala, kluben artekoa, Euskal Liga... daude. Urte guztian dago lana. Gazteek kirola egiten dute, baina euren kontura, mendiko bizikleta dela, korrika dela, pilotan, palan baina euren izerdia botatakoan libre, beste konpromisorik gabe.

Penaz?

Alde batetik, penaz, eta, bestetik, lasaitasunez eta egindako lanarekin pozik.

Egun horrenbesteko arrakasta duten lau eta erdiko txapelketek Elgeta izan zuten habia...

Hala da, aitzina Tolosan eta jokatzen zen, baita profesionaletan ere, baina 1957. urtetik ez zen jokatzen. Gu 1969an hasi ginen eta ordutik herri askotara eta profesionaletara ere arrakastaz zabaldu da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo