Dena prest Heletan EHZ jaialdiaren kariaz helduko diren milaka lagunak hartzeko
Jada 5.500 sarrera salduta dituztela hasiko da bihar Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Ekainaren 20an muntaketa lanak hasi ondoren, dena prest dute antolatzaileek lehen festazaleei ongi etorria emateko. Festibalak aurrera daraman bidearen erakusle, Heletako Herriko Etxearekin hitzarmena sinatu dute 2014ra arte bertan jarraitzeko. Etorkizunean Euskal Herri osoko erreferentzia bilakatzeko asmoz, Donostia 2016 egitasmoarekin elkarlana indartzeko asmoa ere badute.
Ainize BUTRON | HELETA
Hiru egunez Heletan milaka lagun hartuko dituen festibalaren prestaketa lanetan bete-betean sartuta dira jada EHZ elkarteko kide eta laguntzaileak. Aste osoan zehar, agertokiak, txosnak eta kanpalekuak prestatu dituzte herria jaialdiko kontzertu eta animazioen erritmoan sartu ahal izateko.
Prestakuntza lanetan erabat murgilduta izanagatik, azken xehetasunak eta berriak emateko tarte bat hartu zuten atzo antolatzaileek. Sarrera salmenta, muntaketa lanak eta etorkizunari begirako proiektuak izan zituzten aipagai. Besteak beste, festibala hasi aurretik jada 5.500 txartel salduta dituztela jakinarazi zuten. Azaldu zutenez, iaz ere antzeko sarrera kopurua saldu zuten jaialdiaren aurretik.
Aurkezpena hasteko, urtez urte festibalak «gorabeherak» bizi izan dituela azaldu zuten antolatzaileek: leku aldaketak, lan taldearen zailtasunak, arazo ekonomikoak, atxiloketak, ekaitzak... «Halere, Euskal Herriko eragile honek beti zutik eta azkar segitu du», nabarmendu zuten antolatzaileek. Eta, festibalak aurrera begira daraman bide horren lekuko, Heletako Herriko Etxearekin izenpetutako akordioa aipatu zuten. Hitzarmen horren bidez, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak Heletan egonkortzeko aukera izango du, 2014ra arte jarraituko baitu Nafarroa Behereko herrian.
Bestalde, etorkizunean Euskal Herri osoko erreferentziazko kultur ekitaldi bihurtzeko helburua dutela nabarmendu zuten jaialdiaren antolatzaileek, eta, horretarako, Donostia 2016 egitasmoarekin elkarlana indartzeko asmoa agertu zuten. Elkarlan horri esker, iazko EHrZ lehiaketaren finalerdietako bat Donostian egin zuten, eta, datorren urtean, berriz, elkarlan hori «areagotzeko» asmoa dute. «EHZ elkarteak, Euskal Herriko zazpi probintzietan oihartzuna izan nahi du, baita herrigintza eta auzolana indartu ere», azpimarratu zuten antolatzaileek.
Baina, geroari so ibili aurretik, aurtengo edizioa ate joka dute jada jaialdiko antolatzaileek. Iaz 15.000 lagun inguru bildu ondoren, aurtengo edizioan kopuru hori emendatu nahiko lukete «aurrekontua orekatzeko». Aldez aurreko salmenta gaur itxiko da, eta, ondorioz, bihartik aitzina Heletan bertan erosi beharko dira kontzertuetarako txartelak, 25 euroan.
Lehen gaualdia
Jada dena prest dela, kontzertu eta animazioak ez dira eskas izango Heletan datozen hiru egunetan. Jaialdia egitarau indartsu batekin irekiko da biharko lehen gaualdian, bertan izango baitira New Yorkeko Public Enemy talde ospetsua, Gojira metal taldea eta Miyavi Japoniako gitarra jotzailea. Emanaldi nagusi horiez gain, plazan Elektrotxarangarekin gozatzeko aukera izango da, baita Anai Arrebak taldearen emanaldiarekin ere.
Larunbatean, berriz, Sepultura metal talde brasildarra izango da eguneko izarra. Horrez gain, Esne Beltza eta Lisabo euskal taldeen kontzertuak izango dira. Igandean, aldiz, The Abyssinians reggae taldearen, Bebe kantariaren eta Su Ta Gar taldearen kontzertuak izango dira.
Hori bai, ez dira soilik musika emanaldiak ikusten ahalko jaialdian. Hala, lasaitzeko tarte bat nahi dutenek Erregelu eztabaida eta erakusketa gunea izango dute. Kabaret baten itxura izango du eta norberaren gogoetari tokia utziko zaio bertan. Bihar, kartzela eta sakabanaketaren inguruan landutako obren erakusketarekin irekiko da gunea. Euskal preso politikoek egindako tindu, poteri eta argazkiak ikusi ahal izango dira.
Ekainaren 20an hasitako muntaketa lanei buruzko bi hitz ere egin zituzten antolatzaileek atzo. Egunez egun hirurogei lagun inguru aritu dira buru-belarri, eta balantze «oso baikorra» egin zuten antolatzaileek: «Jendetsuak izan dira lanok, belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartu dira eta elkarlana izan da nagusi».
Jaialdiaren baitan Elkarteen Herrixka ere izango da. Bertan, tokiko ekoizle eta elkarteek beren ekoizpen edota aurkezpenak eskainiko dituzte. Laborantza Ganbararen zikiroa ere izango da.
Iaz 15.000 lagun bildu ostean, aurten kopuru hori emendatu nahi dute antolatzaileek. Gaur da sarrerak aldez aurretik erosteko azken eguna, eta, bihartik aitzina, Heletan bertan erosi ahal izango dira 25 euroan.
Lekua: Heleta.
Egunak: Ekainaren 29tik uztailaren 1era arte.
Antolatzailea: Euskal Herria Zuzenean elkartea.
Prezioa: Egun bateko sarrerak 25 euro balio ditu eta hiru egunetakoak 50 euro.