GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Ramon Garai | Arrasate

Jose Uribesalgo Irazola: ezinbestekoa

Angelun hil zen ekainaren 18an abertzale borrokalaria. Aretxabaletako Bedoña auzoko Elorrixa baserrian 1932an jaioa, bere aita Dionisio faxistek Oiartzunen fusilatu zuten. Bere ama 10 seme-alabekin gelditu zen, nagusiena 13 urtekoa. 13 urterekin lanean hasi zen, Alejandro Altunaren enpresan, eta, handik urte batzuetara, Feliciano Aranzabalen, 1949an. Falangekoek behartzen zuten Falangera joaten eta joateari uko egin ziotenez multa jarri zieten. Solidarioetan dirua jasotzen zuten presoentzako. Besaide mendi taldean buru-belarri, lehen juntakoa izan zen.

1959an Euskadi Ta Askatasunan hasi zen. Gipuzkoan pintadak egiten eta ikurrinak ipintzen ibili zen, eta Errekete excombatienteen trena saboteatu eta gero egondako erorketen ostean guardia zibilak atzetik zituela 1961ean erbesteratu zen, Xabier Arizabaletarekin. Geroago, Juan Jose Etxabe, Edur Arregi eta Gautxo ere Iparraldera pasatu ziren. Urte gogorrak berriz ere.

Memoria historikoa berreskuratzeko asmoz, 2002an Debagoieneko Fusilatuen Batzordea bultzatzeko asmoz lanean hasi ginen, gure senideak isiltasunetik ateratzeko. 2003ko ekainaren 8an, Arrasaten, omenaldi hunkigarria egin genien fusilatuei, baita Lau Bide plazan monolito bat jarri ere fusilatu guztien izenarekin. Ordutik, azken 10 urteotan, zenbat aldiz kaleratu garen Egia, Justizia, Kalte-ordaina eta gertatutakoa berriz ez errepikatzeko bermea eskatzeko frankismoaren biktimentzat!

Aurrekoan berarekin berba egin nuen Argentinako kereilari buruz. Berea prestatzen hasi zen. Gogoa eta ilusioa izan arren, gaixotasunak ez dio amaitzen utzi. Joxe, zaude lasai, kereila aurrera doa, eta ez gara geldituko frankismoa eta bere ordezkoak auziperatu arte. Zure irribarre eta indarrarekin jarraituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo