EH JAIETAN | barañain
Barañaingo txosnak, Alaitzeko patioan aurten, adostasunez
Aspaldiko partez, aurten ez da arazorik izango txosnekin Barañaingo jaietan. Jai Batzordeak eta Udalak txosnagunea Alaitz eskolako patiora itzultzea adostu dute. Dena den, Jai Batzordeak fidantza eta zergak pagatu, asegurua kontratatu eta musika garaiz itzali beharko du. Udalak jarrera aldatu izana txalotu zuen Batzordeak eta herritik sorturiko festak izateko bidean aurrerapausoa dela gaineratu du. Beroa eta luzea izan zen lehenengo jai gaua bertan.
GARA |
Txosnak Alaitz eskolako patiora itzultzeko akordioa lortu du Barañaingo Jai Batzordeak Iruñerriko herriko Udalarekin. «Poz handiz iragarri nahi dugu zentzuzkotasuna eta herri nahia gailendu direla», nabarmendu zuten. Urte askotako liskarra bideratu da horrela.
«Gure borrokak fruitua eman du, baina bidea ez da erraza izan: aurreko urteetako isunei aurre egin behar horri, aurten milaka euroko fidantza eta zerga berriak ordaindu beharra, ordutegien murrizketa eta baldintza orokorren okertzea gehitu behar zaio», azaldu zuen Jai Batzordeak.
Jose Antonio Mendive (UPN) alkateak ere begi onez ikusten du txosnak paratzeko lortu den akordioa. «Bi aldeek jarrera aldatu dugu. Dena den, Alaitz eskolako patioa ez dugu baldintzarik gabe utzi. 22 puntu bete beharko dituzte. Horrela egiten ez badute, datozen urteotan txosnak ez dira Alaitzen izango. Emandako hitza betetzen duten ala ez kontuan izango dugu», esan zuen Barañaingo alkateak jaiak aurkeztu zituenean.
Gauzak horrela, Jai Batzordeak 4.000 euroko fidantza ordaindu, 600.000 euroko babesa duen asegurua kontratatu, 290 euroko zerga pagatu eta musika garaiz (astelehen, asteazken eta igandean goizaldeko hiruretan eta larunbatean, seietan) itzaltzeko konpromisoa hartu behar izan du.
«Baina bagoaz! Eremua berreskuratu dugu eta espero dezagun urte luzez mantendu ahal izatea. Udalaren kolaborazioaren aldeko jarrera berri hau txalotzen dugu eta oraindik aurrean bide galanta dugun arren, zentzu honetan, Barañainek eskertuko duen garai berri bati hasiera ematea espero dugu», nabarmendu zuen Jai Batzordeak.
«Batzorde honen helburu nagusia herritik herriarentzat antolatutako festa parte hartzaileak antolatzea da; horretarako balio hauek hartzen ditugu aintzat: parekidetasuna, euskara eta kulturaren sustapena, autogestioa, ingurumenarekiko begirunea, kontsumo arduratsua eta soilik ezinbestekoa zaigunean...», gaineratu zuen.
Aurreko urteotan, ordea, Udalaren aldetik trabak baino ez dituztela jaso gogorarazi zuten, herritarren partetik jaso zuten sostenguari esker aurre egin ahal izan dutela nabarmenduz.
Jai Batzordearen egitaraua
Horrela, Jai Batzordearen gaurko egitarauak emakumeen bazkaria proposatzen du, 14.30ean Gaztainondo plazan eta, 17.00etan, Institutuko pilotalekuan esku pilota txapelketako finalak jokatuko dira. 18.30ean sagardo kutxen lehiaketa eta Iruñeko jatetxe sozialaren aldeko «pintxo solidarioa» izango da. 19.00etan, danborrada abiatuko da Komertzial etorbidetik. 21.00etan, afariak antolatuko dira plazetan eta 22.30ean kontzertua izanen da txosnagunean, Nekez, Ska Bidean, Radio Plebe eta Txulanda taldeekin.
Bihar, euskal kantak (12.00), herri kirol eta rokodromoa (12.00), herri bazkaria (14.30), dantza ikuskizuna (18.30), trikitixa kontzertua Baserritars eta Kezkarik Ez taldeekin (20.00) eta dantzaldia Ttanttakaren eskutik (23.30).
Igandean, artisauen feria (10.00-14.30), bertso poteoa (19.00), «bokatada» (21.00) eta playback lehiaketa (23.00) izango dira.