EH JAIETAN | Mungia
San Pedroen zoramenak bete-betean harrapatuko du Mungia asteburuan zehar
Atzo jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa jaurti eta gero, ekintzaz beteriko asteburua dute aurrez aurre mungiarrek. Gaur gauean Ze Esatek eta La Pegatina taldeen kontzertua izango da txosnetan.
Mikel PASTOR | MUNGIA
Mungiako San Pedroak jada hemen daude, batzuen gozamenerako eta beste batzuen tamalerako. Orotara, hamalau egun eta bi asteburu musikaz, edanaz eta konpainia onaz gozatzeko. Halere, San Fermin jaien gertutasunak pisu handia izan du aurtengo jaien plangintzan, ekintza nagusiak lehendabiziko asteburuan pilatuko direlako Lesakako eta Iruñako festekin bat ez egiteko.
Atzo hasitako jaietan, leku garrantzitsua izango du Euskal Telebistako «El conquistador del fin del mundo» programak ere, reality show ezaguneko zenbait kide Mungiako sei auzokideren kontra lehiatuko baitira. Bi proba nagusi izango dira gaur: eguerdian herri kirol txapelketa izango da herriko plazan, eta, arratsaldeko zazpietan, berriz, asto lasterketa Sabino Arana kalean. Herriz herri dabilen «Konkistour» programa larunbatean ere izango da Mungian proba gehiagorekin.
Ze Esatek eta La Pegatina
ETBko saioaz gain, ekintza ugari izango dira gaurkoan Mungian, goizean goiz hasita. Andra Marin, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue arituko dira eguerdi aldera, Taket Mungiako bertso eskolak antolatutako saioan.
Arrats partean, bestelako ikuskizunak izango dira herrian: esaterako, esku pilota partidak, erraldoiak, dultzaineroak edota Foruen plaza hartuko duten Los Cinco Bilbainos talde ezagunaren bilbainadak.
Eguzkia ezkutatzearekin bat txosnagunea argituko da, gau parteko ekintza garrantzitsuenak bertan kontzentratuko baitira. Hala, 21.30ean, Diz-Diz kale-antzerki taldeak «Zorionak! Acción!» obra aurkeztuko du, eta, ondoren, urtero bezala, nahi duenak larrain dantzan parte hartzeko aukera izango du Amilots dantza taldearen eskutik.
Ondoren, gazteen momenturik desiratuena helduko da: Ze Esatek eta La Pegatina taldeen kontzertua. Gipuzkoarrak aski ezagunak dira Euskal Herri osoan, nerabe eta gazteen artean publiko fidela dute eta disko berria aurkezteko biran buru-belarri sartuta daude. La Pegatinaren erritmo alai eta dantzagarriek ere harrera bikaina izan dute gurean, eta, hala, ikuskizuna ziurtatuta dago katalanen eskutik.