GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | dima

Estutasun ekonomikoek parte hartzea sustatuko dute Diman

Txupinazoarekin bat, Dimako jaiei ongi etorria eman zitzaien atzo, herriaren egoera ekonomikoak izugarri baldintzatuko festetan. Antolatzaileek, halere, arazoa dagoen tokian aukera ikusi dute, herritarren eta erakundeen parte hartzea sustatuz. Horrenbestez, guraso elkarteak eta jai batzordeak zenbait ekintzaren antolaketaren ardura hartu dute, urtero egiten den herri bazkaria, esaterako. Antolatzaileen beste helburua jaiak auzo guztietara zabaltzea izan da.

p027_f02.jpg

GARA |

Arazo larriek konponbide handiak dakartzatela diote, edo behintzat, irudimena erabiltzera bultzatzen dutela. Hala izan da Diman. Egoera ekonomiko larriak jaien aurrekontua erdira murriztea ekarri du, besteak beste iazko festak oraindik ere ordaindu gabe daudelako, baina jai batzordeko kideek erremedio bikaina aurkitu dute gaitzaren kontra: herritarren parte hartzea sustatzea.

Parte hartze hori gaurtik bertatik igarriko da, egunean zehar burutuko diren ekintza guztiak guraso elkarteak antolatu dituelako. Haien artean, erretiratuen bazkaria, esku pilota jaialdia edo Diman lehendabiziko aldiz egingo den pintxo potea.

Ostiralean egin ohi ziren kontzertu deigarriak alde batera utzi beharrak ez ditu desanimatu jai batzordeko kideak: «Auzo guztietako jendea hurbiltzea espero dugu, giro polita sortzeko». Talde ezagunen faltak jende gutxiago erakar dezakeela badakite antolatzaileek, baina «herritar guztien parte hartzearekin» jai giro bikaina izatea espero dute.

Larunbateko plangintza, herri bazkaria barne, jai batzordearen esku geratu da oso-osorik. Modu horretan, orain artean bazkaria egiten zuen enpresaren gastua ekidin du batzordeak.

Zea Mays eta gormutuak

Ez da eguneko ekitaldi bakarra izango. Goizean goiz, umeentzako jolasak izango dira herriko plazan. Arratsaldean, berriz, aurtengo jaietako ekintza nagusia burutuko da: herriko auzoen eta taldeen arteko herri kirol txapelketa.

Adin guztietako dimoztarrek izango dute txapelketan parte hartzeko aukera, herri kiroletako proba tradizionaletan lehiatuko direlarik. «Txapelketa, finean, aitzakia hutsa da Dimako auzo ezberdinetako jendea plazan batzeko, baita adin ezberdinetako jendearen arteko erlazioak finkatzeko ere», nabarmendu dute jai batzordetik.

Gauean Splitt 77, Bolbora eta Zea Mays taldeen kontzertua izango da. Aiora Renteriak gidatzen duen Zea Mays taldeko kideek, gainera, eskolako umeei gormutuen hizkuntza erakutsiko diete.

Zea Maysek aurretik ere lagundu izan ditu gormutuen proiektuak. Are gehiago, «Negua joan da ta» abestiaren bideoklipean, kantaren letra gormutuen hizkuntzara itzultzen zuen interpretea sartu zuten, euskaraz guztiz berritzailea izan zena.

herrikoia

Ostiraleko eta larunbateko ekintza guztien antolaketa guraso elkartearen eta jai batzordearen esku geratu da hurrenez hurren. Hala, herriaren parte hartzea sustatzeaz gain, gastuak izugarri murriztea lortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo