Estatu espainolean, etorkinak kanporatzeko bada, krisiak ez du murrizketarik eskatzen
Kongresuaren datuen arabera, Gobernu espainolak ia 11 milioi euro gastatu ditu urte hasieratik apirila bitartean immigranteak kanporatzeko. Kanporatze horiek berez triste eta salagarriak ez ezik, kasu honetan nolabait bitxiak ere badira, krisia dela-eta oinarrizko zerbitzuak ere murrizten ari den Gobernuak, etorkinak kaleratzeko bada, ez baitu inolako diru eragozpenik. Kontua ez da diru kopuru handia ala txikia den; izan ere, immigranteak kanporatzeko dirua gastatzeak ez du praktika hori larriago egiten, giza eskubideak urratzea larria baita edonola eginda ere. Baina esanguratsua da krisi gorriak murrizketarik bortitzenak justifikatzen omen dituen egoeran, horretarako murrizketarik ez izatea. Gobernu horren lehentasunen gaineko zantzua da. Herritarren osasuna eta hezkuntza, esate baterako, ez dira lehentasuna; immigranteak kanporatzea, aldiz, bai. Gobernu baten lehentasunek, aldi berean, haren ideologiaren gaineko zantzuak agertzen dituzte, sarritan gobernu berak gaitzesten omen duen ideologiaren aztarnak, hain zuzen. Esanguratsua da, halaber, Amaiurrek, Madrilgo Kongresuan zenbat etorkinek salatu dituzten tratu txarrak galdetuta, jaso duen erantzuna: isiltasuna.