EH JAIETAN | orio
Kataluniatik Oriora, «castellers»-ek giza dorrea osatuko dute sanpedroetan
Berritasun ugarirekin heldu dira igandera arte luzatuko diren jaiak, besteak beste «castellers»-en ikuskizuna eta Elikagai Osasuntsuen I. Azoka. Kultur aniztasunaren aldeko jaia ere San Pedroekin batera egingo da aurten.
GARA | ORIO
Arerio bat atera zaio kaleetan barreiatzen den ohiko itsaso usaiari Orion, horren ordez festaren usaia hartzen ari baita txoko oro. Atzo hasi ziren San Pedro jaiek igandera arte zeresana emango dute, berritasun ugari baitaude aurtengoan.
Berritasun deigarrienetakoa gaur 19.00etan castellers-ek eskainiko duten erakustaldia da. Giza dorreak egiten adituak dira eta aurrenekoz Orio bisitatuko dute. Kataluniatik datoz, Vilafrancatik, eta ikusmira sortu dutela baieztatu du Uhaina Atxotegi Orioko Udaleko kultur teknikariak. «Herriko elkarteetako kideak castellers-ekin batera kalejiran helduko dira plazara, eta, gero, kataluniarrek dorrea egingo dute», azaldu du.
Bihar, jaien bigarren egunean alegia, Euskal Herriko Elikagai eta Produktu Osasuntsuen I. Azoka egingo da plazan, 11.00etatik aurrera. Orioko baserritar bat arduratu da dena antolatzeaz.
Ikusmira handia sortu du Heldu! harri-jasotzaile taldeak ere Orion. 18.00etatik aurrera neskak mutilen aurka arituko dira norgehiagokan; neskek 600 kiloko harria jasoko dute, eta, mutilek, 1.000 kilokoa. Atxotegik aurreratu du denbora daramatela entrenatzen, eta, beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago.
Literatur lehiaketak, 25 urte
Mende laurdena betetzea ez da marka makala, baina Orioko ikasleen literatura lehiaketak 25 urte bete ditu dagoeneko. Javier Zabaleta euskara teknikariak azaldutakoaren arabera, ipuinak, olerkiak eta marrazkiak saritzen dituzte, finean literatura oso zabala delako eta liburu batek osagai horiek guztiak izan ditzakeelako. Sari banaketa gaur bertan izango da, udaletxean, 13.00etan; ostean, 18.30ean, lehiaketarekin lotutako ekitaldia egingo dute Salatxo plazan. Neurri batean behintzat, parte hartzaile guztiek jasotzen dute saria, aurkeztutako lan guztiekin -milatik gora- liburu bat argitaratuko baitute eta bakoitzaren lana paperean inprimatuta ikustea poztekoa baita.
Berritasunekin jarraituz, aurtengoan kultur aniztasunaren aldeko jaia sanpedroetan txertatzea erabaki dute Orion -orain artean aparte egiten zen festa-. Hala, igandean, Sahara, Brasil, Kuba edota Senegal bezalako herrialdeetako postuek hartuko dute plaza; guztira hamabi herrik emango dute bere kulturaren berri gastronomiaren eta artisautzaren bidez. Udaleko Euskara Departamentuko kide Javier Zabaletak azaldu duenez, jaiarekin euskaldunek etorkinen hizkuntza integrazioaren alde lan egitea nahi dute, «baita bide batez euskararen garrantziaz jabearaztea ere». Egunean zehar musikak, dantzak edota Marokoko jantzien desfileak hartuko dute protagonismoa.