GARA > Idatzia > Kultura

Eneko etxegarai | EHZ jaialdiko lehendakaria

«Heletan ospatzen denetik, EHZ festibala sendotu eta garatu egin da»

Eneko Etxegaraik Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren azkeneko biltzar nagusiaren ondotik hartu zuen jaialdiaren lehendakaritza. Baionarrak 22 urte bakarrik dituela kontuan izanik, ez da harritzekoa oraindik ere ikaslea izatea. Kargua hartu aurretik, hiru urtez festibalaren segurtasun komisioan aritu zen lanean.

p051_f01_194x116.jpg

Mattin PETRISSANS | URRUÑA

Gaur arratsaldean zabalduko ditu ateak Euskal Herria Zuzenean jaialdiak Heletan. Aurretik, Eneko Etxegarai festibaleko lehendakariak aurten 17 urte betetzen dituen jaialdiaren berezitasunak azaldu ditu Kazeta.info atarian. Festibalaren geroa ere izan du hizpide.

Arrosatik Heletara bidea egin ostean, nola ikusten duzu festibalaren bilakaera eta urtez urteko transmisioa?

Festibala Arrosan zenean haurra besterik ez nintzen, 5-6 urte nituen, eta, buruan zenbait irudi baditudan arren, ezin dizut gehiagorik erran. Idauzen pentze baten inguruan antolatutako festibala genuen, eta, Heletara pasatuz, herri batek eskaintzen dituen aukera guztiak ahal bezain ongi baliatzen saiatzen ari gara. Festibalak beste itxura bat hartu du. Herriko plazan giroa sortzen dugu egunean zehar, eta, gauean, berriz, kontzertu potoloei lekua uzten diegu. Gauean topatzen da berriz Idauzen zegoena: pentzea, bi eszena eta musika etengabe. Erregelu ezkerparetan antolatzen dugun eztabaida guneak duen garrantziaz pozten gara. Aurten, adibidez, Suediako eta Islandiako bi ekonomia aditu izanen dira krisia gainditzeko zer egiten duten azaltzeko.

Heletan izanki hurbilago gara, eta, bortxaz, jende gehiago hurbiltzen da. Festibala Heletan denetik sendotu eta garatu egin da eta horrek plazer egiten digu. Gaur egun badira urte guzian zehar lanean ari diren hamabost komisio eta horri esker gure lanak biderkatu ahal izan ditugu: brigada berdeak, komun idorrak eta beste hainbat gauza.

Zeintzuk dira aurtengo edizioaren berrikuntza nagusiak? Zuri, pertsonalki, zeintzuk dira gehien erakartzen zaituzten animazio edo kontzertuak?

Programaren aldetik dena da berria. Kultura eta sorkuntzak sustatzeko festibalak iaz hasi zuen lana azpimarratzekoa da. Bi sorkuntza ditugu: Sorgin eta Artean. Alde batetik euskarazko antzerki bat izanen da, Sorginen baitan kokatzen dena. Laguntzaileek muntatutako euskarazko antzerki bat da eta festibalak laguntza eman die. Artean proiektuarentzat, urte guztian zehar, festibala apaintzeko helburuarekin bizpahiru artista egonaldi izan dira. Sorkuntzak EHZren baloreen inguruan egin behar ziren. Nehork ez ditu oraindik obrak ikusi, nik ere ez.

Pertsonalki gehien erakartzen nauena igandeko eguneko giroa da; igandean giroa oso herrikoia da. Kontzertuen aldetik, egia erran, prest naiz edozein talde deskubritzeko. Estilo anitz aurkituko dira eta bakoitzean gauza onak badira. Baina bi aipatu behar banitu, erranen nuke Public Enemy eta Youssoupha.

Geroari begira, testuinguruak zaila dirudi, bada konkurrentzia: Big Festival, BBK edo Azkena. Zure iduriko zeintzuk dira festibalaren puntu azkarrak?

Gure asmoa ez da inolaz ere Big edota BBK jaialdien konkurrente izatea. Gure ustez, EHZ festibalak beste zerbait izan behar du, beste zerbait eskaini behar du. Musika bada, baina jendea ez da soilik jaialdira etorri behar musikarengatik, Big Festivalen edo BBK jaialdian gertatzen den bezala. Nahi gara ezberdindu. Gure proiektua eta festibal handi horiena oso ezberdinak dira. Gure proiektuak 700 laguntzaileri esker funtzionatzen du eta beste balore batzuk aurkitzen dira EHZn: elkartasuna, elkarlana, belaunaldien arteko trukaketa... Ez dugu beste festibal horien konkurrente izan behar; gurea beste zerbait da. Festibalean ez dugu ikusiko partaide pribatuen publizitaterik. Askoz errazagoa litzateke Heineken festibalaren edo BBK festibalaren antzeko zerbait egitea. Gogoeta gunearen bitartez, bestalde, baloreak lantzen ditugu. Festibala egitera bultzatzen gaituzten baloreak dira, eta laguntzaileei eta festibaleko zaleei transmititu eta ezagutarazi nahi dizkiegu. Bi puntu horietan ezberdinduko litzateke batik bat EHZ jaialdia aipatu dituzun beste makrokontzertu horietatik.

Zer da aldatzeko edo hobetzeko EHZ jaialdian?

Festibala hasi aitzin zaila da gai hori jorratzea. EHZren ondotik, urtero, bilanak egiten dira eta urtez urte bilan horietatik abiatzen saiatzen gara gauzak hobetzeko. Beti izanen da zerbait konpontzeko. Iaz ekonomia arloan oreka bat sortzeko beharra aipatu genuen. Urtean zehar, komisioetan ildo horrekin lan egin dugu. Auzolana eta materialaren elkar prestaketak bezalako ideiak garatzen ere saiatu gara. Heletan oreka ekonomikoa lortzeko aritu gara lanean maila guztietan, hemen egiten ahal dugulako nahi dugun festibala, batez ere, festibalariek maite dutena. Aurten bide horretan lan egin dugu, eta ikusiko dugu festibala eta gero zer-nolako bilana egiten dugun.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo