Askatasuna galtzeko prest, gaixotasun larriak dituzten hamalau preso askatzearen truke
Atzo Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren aurrean gaixo dauden hamalau euskal presoen askatasunaren truke espetxera sartzeko prest agertu ziren lagunek Euskal Herrian, eta, oro har, giza eskubideen urraketa bertan behera utzi behar dela uste duen ororengan, kezka eragiten duen kontu bat arreta gune izatea lortu zuten. Hamalau lagun ziren, baina badakite, eta hala esan zuten, milaka lagun daudela eskaintza hori egin eta preso gaixoen ordez eurak kartzelan atxiki ditzaten prest. Preso horien egoeraren larritasuna nabarmentzen du horrek. Atzoko ekintzaren helburuak oinarrizkoak, bidezkoak eta zehatzak dira, eta euskal herritar gehienak bat datoz horiekin: gaixotasun larriak dituzten presoen askatasunaz gainera, ez dezatela beste inor espetxeratu, Madril bake bidean urratsak egiten hastea eta sufrimendua lehenbailehen amaitzea. Bada sufrimendu bat, alde guztietan dagoena, nekez amai daitekeena, hura arintzeko ahalegin guztiak egin behar badira ere; baina badira beste batzuk saihets daitezkeenak, eta saihestu egin behar direnak. Batzuek bide horretan aurrera egiteko borondatea azaldu ez ezik, urratsak ere eman dituzte, eta guztiek gauza bera egiten badute, gizarte osoak irabaziko du.