GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Benetan, Zinez

Bataiatu ninduten egunean, apaizak ez zidan inolako baldintzarik ezarri kristauen klubean jarraitzeko, kristau guztiek bete behar dituzten (eta inork gutxik betetzen dituen) arauak bete behar nituela ulertuta (eta horiek bete gabe ere ez pentsa klub horretatik ateratzea erraza denik). Horregatik gertatu zitzaidan arraro samarra Auzitegi Konstituzionalak Sortu legezko izan daitekeela erabaki zuen epaian zenbait baldintza jarri izana. Arraroa, baina ez harrigarria. Ez dakit Auzitegi Konstituzionalak inolako baldintzarik ezartzeko eskumenik ote duen, baina badirudi, jasoko zituen erasoak aurreikusita, alderdi hori legeztatzeko erabakia «orekatzeko» jarri zituela.

Alderdien Legea Euskal Herriko esparru politiko jakin baten aurka propio sortutako arau ez-demokratikoa da, baina lege da. Eta, behin ezarrita, alderdi denek behar dute bete. Hala ere, ezkerreko subiranismoari baino ez diote txitean-pitean «terrorismoa gorestea» eta «biktimak umiliatzea» egozten. Estatuko fiskal nagusiak herenegun esan zuenez, Polizia eta Guardia Zibila lanpetuta dabiltza Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko txostenak prestatzen, frankismoaren ondoren inolako garbiketarik jaso ez duten polizia indarrak, torturatzaileen alde agertu izan diren horiek, hain zuzen. Zergatik ez diete eman sinbolo faxisten inbentarioa egiteko agindua, ondoren horiek guztiak kentzeko? Lan nekeza, jakina. Alderdien Legearen arabera, PPk, PSOEk, Gobernuak eta beste hainbat instituziok legez kanpo behar lukete, faxismoa goresteagatik.

Eta, hala berean, biktimak umiliatu (nahi) eta gutxiesteagatik. Hau ez da aierua, ezta zenbait epailek kartzela zigorrak ezartzeko askitzat jo izan duten «uste osoa» ere, erraz egiazta daitekeen egitatea baizik. Azken lagina, asteazkenean Madrilgo Kongresuko presidenteak egindako adierazpenak.

EAEeko Auzitegi Nagusiko presidenteak esan zuen itxaron egin behar dela «Barrutik begiratzeko leihoak» filma ikusi arte. Eta ikusi ondoren, zer? Jose Luis Ibarrak esan behar al du filma diruz laguntzea delitu den? Jorge Fernandezek, Esperanza Aguirrek? Zergatik ez Zentsura Departamentuak? Zer...? Ez dagoela?

Ez zait inoiz bururatu film baten ekoizpena diruz laguntzea, baina Zinez-ek nire laguntza izango du. Zinez. Eta minez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo