GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen Zulaika | Askapenako kidea

Paraguai: estatu kolperik ez!

Askapenatik, lehenik eta behin, iragan astean Paraguain izandako estatu kolpea salatu eta gertaera hauetan kaltetuak izan diren nekazariei gure elkartasunik beroena bidali nahi diegu, herri langile osoa agurtzearekin batera.

Beste behin ere agerian geratu da kapitalaren eta oligarkiaren interesen defentsan guztiak balio duela. Paraguaiko gertakarietan, hain zuzen ere, aspalditik zetozen prestaketa lanak, gobernuaren aurkako erasoak, nahiz eta, zoritxarrez, Lugoren agintaldian sozialki egindako onarpenak baino gehiago nabarmendu diren eskuinari egindako kontzesioak. Hala ere, eta egiari zor, Lugok nekazal erreforma eta bestelako zenbait eskaera alde batera utzi baditu ere, hezkuntza eta osasungintzan, besteak beste, Paraguain azken hamarkada luzeetan ezagutu gabeko eskubideak berreskuratu ditu. Eta itxura denez, herri sektoreetatik gobernuak egindakoa gutxi dela aldarrikatu arren, eskuinari, kapitalismoa ordezkatzen dutenei, aski izan zaie; egindako gutxiak ere erantzun irmoa behar zuen nonbait. Honela, beste behin ere, estatu kolpe batek esnatu gaitu Latinoamerikan; azken urteotan, berriz ere mekanismo basatiagoei, albo batera utzita zituzten lanabes zaharrei, heldu diete kapitalaren eta oligarkiaren interesen defendatzaileek gobernu aurrerakoien eginahala mozteko, demokrazia faxismoz mozorrotuz ustekabean. Zenbaitetan militarki inbaditu beharrean izan dira, 2009an Hondurasen egin zuten bezala, edo duela hamar urte Venezuelan egin zuten gisan. Beste zenbaitetan, ordea, inbasio edo estatu kolpeak humanitarismoz jantzi behar izan dituzte, Haitin egin zuten eran. Bolivia eta Paraguaiko kasuetan, berriz, istiluak sorrarazi dituzte lehenik, ondoren gobernuaren aldaketa eta estatu kolpea gauzatu ahal izateko.

Gertaera hauek, baina, irakaspen eta argibide zenbait eskaintzen dizkigute, eta, beraz, ezin dugu gertaera hauen gaineko irakurketa hutsean geratu. Lehenik eta behin, Paraguaiko gertakariek, Libia nahiz Siriakoek bezala, honakoa erakusten digute: prestatu beharrean gaude, eraso inperialistak, edo kapitalismoaren ofentsiba berrituak, mozorroak mozorro, egiteko historiko bati erantzuten baitio, klase pribilegioak mantentzeari alegia. Desinformazioak, manipulazioak, ez diezagula ezkutatu azpian, mamian, dagoena!

Bigarrenik, herri langileak jakin behar du gure interesen alde egindako aurrerapauso bakoitza defendatu beharra izango duela, izan ere, emandako pausuen araberakoa izango da etsaiaren erantzuna. Beraz, lege aldaketek edo hauteskundeetako emaitza soilek ez dute balio lorturikoa mantentzeko; lorturikoa defendatu beharko da, eta, Venezuelan egin zuten gisan, kaleak hartuz eta herri antolakuntzaren bidez berreskuratu beharko da estatu kolpeen edo inbasioen bidez osturikoa. Espero dezagun, beraz, bere onerako, Paraguayko herriak bide horri eustea. Zorterik onena opa diegu, baita gure elkartasunik beroena bidali ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo