GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH JAIETAN | Mungia

Mozorroak nagusi Mungian sanpedroen hirugarren egunean

Pasa den ostegunean txupinazoak festen hasiera iragarri zuenetik, sanpedroek bi jai egun utzi dituzte Mungian, bata bestea baino handiagoa. Gaurkoan, mozorroak izango dira protagonista Bizkaiko herrian. Gazte zein nagusi, denak jantzi zahar edo berriak soinean, giroaz ederki gozatzeko prest. Goizean, Mugire txokotik aterako da kalejira, herriko kaleak kolorez eta musikaz janzteko. Gauean, txosnetan, I. Munduko Air Triki Txapelketa ospatuko da.

p020_f02.jpg

Mikel PASTOR |

Badaude bizitza honetan guztiok paper bat betetzen dugula diotenak. Finean, mundua antzeztoki erraldoia dela, eta gu, gizaseme gizajoak, aktore patalak besterik ez garela. Mozorro eta maskarak, finean. Eztabaida filosofiko edo soziologikoetan sartu baino lehen, argi dezagun, momentuz, gaurkoan mozorroak jantziko dituzten bakarrak mungiarrak izango direla, Bizkaiko herriko San Pedro jaietan itxuraldaketak protagonismo osoa bereganatuko baitu.

Gaurkoan, Mugire txokotik abiatuko da, eguerdiko ordu batean, kalejira herrikoia. Gazte, nagusi zein familien parte hartzea espero da, Mungiako kaleei kolore berezia eman asmoz. Sama-Siku fanfarreak jarriko dio soinua kolore eta formen sugeari. Jai giro berezi horretan, beste ospakizun bitxi bat ere izango da gaur Mungian: auto eroen txapelketa. Larrabizkarratik behera jaitsiko dira parte hartzaileak tramankulu deigarrietan igota; beraz, kolpeak eta barreak ziurtatuta daude.

Bi txanda ezberdinetan egingo da jaitsiera. Lehendabizikoan, arratsaldeko seietan, «El conquistador del Fin del Mundo» ETBko reality show ezaguneko azken edizioko zenbait parte hartzaile Mungiako taldearen kontra lehiatuko dira; «Konkistour» deitutako saioan ikusi ahal izango da proba. Telebista ikuskizuna eta gero, 19.30ean, jaitsiera popularra ospatuko da; edonork izango du parte hartzeko aukera. Urtero bezala, auto eroak muntatzeko egindako orduetako lana segundo gutxian geldituko da ezerezean, autoek erabat suntsituta amaituko baitute jaitsiera.

Umorez betetako txapelketa

Ostiralean bezala, gauarekin batera jai giroa txosnagunera helduko da. Benetan beldurgarria txosnek, mozorroek eta kalimotxo on batek lor dezaketen konbinazioa!

Gauerako barrenak ondo berotuta egongo direla aprobetxatuz, txapelketa berezia antolatu du txosna batzordeak aurtengoan. Ez da ez edozein lehiaketa izango, munduko txapelketa bat baizik! Hain zuzen ere, I. Munduko Air Triki Txapelketa.

Batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari: zer demontre da ba air triki txapelketa bat? Txosna batzordeko kideek argi eta garbi azaldu digute: «Beste toki batzuetan air guitar txapelketek izaten duten arrakasta ikusita, euskal kulturarekin zerikusia duen antzeko txapelketa bat antolatzea erabaki dugu».

Air guitar txapelketak azken urteotan modan jarritako ekitaldiak dira. Bertan, parte hartzaileek, antzezlanerako dituzten gaitasunak erabiliz eta musikaren laguntzarekin, gitarra jotzen duten itxura egin behar dute. Ikus-entzuleak sutzen abilezia handiena erakusten duenak irabazten du, noski.

Ekimen deigarria, beraz, Mungian abian jarriko dutena. Hurbildu nahi duen oro dago gonbidatuta. Ikusteke dago euskal gazteriak trikitia jotzen zer-nolako maisutasuna agertzen duen. Imuntzo eta Belokik irekiko al dute txapelketa? Tapia eta Leturia agertuko al zaizkigu Mungian, zuzen-zuzenean Compostelatik iritsita?

auto eroak

Bi txandatan egingo da jaitsiera. Lehendabizi, 18.00etan, Mungiako talde bat «El conquistador del fin del mundo» saioko taldearen aurka lehiatuko da. Ostean, 19.30ean, nahi duen orok hartuko du parte. Kolpeak eta barreak ziurtatuta daude.

«air triki»

Historiako lehendabiziko «air triki» txapelketa ospatuko da gauean txosnagunean. «Air guitar» lehiaketak eredu harturik, parte hartzaileek alegiazko trikitiak erabilita jarri beharko dituzte dantzan mungiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo