GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Promozio Txapelketako finala

Etorkizun hurbila

Jaunarenak bigarren txapela lortu nahi du jokatuko duen 66. partidan eta Ezkurdiak lehena 17. lehian.

p039_f02_543x453.jpg

Jon ORMAZABAL

«Azkar eta ondo, usoek hegan», baina erdi mailako pilotarientzat gero eta leku eta aukera gutxiago dauden garai hauetan, Jon Jaunarena eta Joseba Ezkurdiak lehenbailehen erakutsi nahi dute Lehen Mailan egoteko gai direla. Gauzak ondo, hemendik urte gutxira, leitzarra eta arbizuarra gaur egun Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujok betetzen dituzten lekuak betetzeko moduan izango dira, baina, badaezpada, ez diete orain dituzten aukerei ihes egiten utzi nahi.

Urtebete gazteagoa izanagatik, Jon Jaunarenak lehenago egin zuen debuta profesionaletan eta oso denbora gutxi behar izan du bere lehen txapela lortzeko. 2011. urtea profesional maila ezagutzeko erabili ostean, aurten Binakako Promozio Txapelketako irabazi du Ceciliorekin bikotea osatuz. Orain, txapelketa bikaina osatu ostean, bigarren txapela eskuratzeko moduan dago gaurko finalean.

Gobernuek konfiantzazko 100 egun izaten badituzte, leitzarrak askoz gutxiago behar izan zituen bere lehen txapela eskuratzeko. Pentsa, gaurko finala profesionaletan jokatuko duen 67. partida izango da (37 irabazi ditu eta 29 galdu). Ez du aukera makala, gainera, datorren urtean Lehen Mailako buruz burukoan leku bat irabaz baitezake. Azken asteotan eskuetan arazo batzuk izan dituen arren, osatuta dituela dirudi, bi eskuetatik pilota abiadura bizian irteten baitzaio berriz ere.

Are eta azkarrago

Leitzarraren zenbakiak txunditzeko modukoak badira, zer esan Joseba Ezkurdia arbizuarraren inguruan. Pentsa, gaurkoa profesionaletan jokatuko duen 18. partida izango da (11 garaipen eta 6 porrot daramatza), eta, dagoeneko, lehen txapela irabazteko moduan da.

Gabonetan debutatu zuenetik, enpresak konfiantza handia eman dio. Laster hasi zen estelarrak jokatzen, baita Irujo, Idoate edo Gonzalez bezalako arerioen aurka garaipenak lortzen ere. Lehen Mailako buruz burukoa jokatzeko aukera ere eman zion Aspek, atarikoa jokatzeko aukera emanez. Orduan Aritz Lasak geratu zuen bere ibilbide bizkorra. Orain, hilabete pare bat geroago, Lehen Mailan aritzeko txartela lortzeko aukera du berriz ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo