Antza bizitza arrunta egiten zuten Troitiño eta Lerin Londresen atxilotu dituzte
Aske geratu ostean «Parot doktrina» ezarri zioten Antton Troitiño donostiarra eta Iñaki Lerin iruindarra atxilotu dituzte Londresen. Jende gehiagorekin zeuden etxean, antza denez bizitza guztiz arrunta eginez.
GARA | DONOSTIA
Oso pozik agertu zen Espainiako Barne ministroa Troitiño eta Lerinen atxiloketaren albistea zabaldu ondoren. Goizeko lehen orduan gertatu zen Londresen, Heathrow aireportu ezagunaren ondoan dagoen Hounslow auzoko etxe batean. Zabaldu zenez, jende gehiagorekin zeuden bertan, eta bizitza guztiz arrunta egiten zutela ere aipatu zuten hainbat hedabidek. Etxebizitza miatzera 2.0oetan sartu zen Polizia eta 17.30etan amaitu zuen, alegia, orotara hamabost ordu eman zituzten barruan eta ez zuten armarik aurkitu, Polizia britainiarrak berak egiaztatu zuenaren arabera.
Hala eta guztiz ere, ETArekin lotura egin zuen berehala Barne Ministerioak. Troitiñoren kasuan, erakundearekin harremana duela esan zuen, datu gehiagorik eman gabe. Troitiñoren bila zebilen polizia, buru-belarri, 2011ko apiriletik. Orduan, 24 urte espetxean eman ondoren aske utzi zuten, baina segituan piztu zen erabaki horren aurkako kanpaina hainbat hedabidetan. Astebetera, Entzutegi Nazionalak atxilotzeko agindua eman zuen, «Parot doktrina» ezartzeko asmoarekin; ordurako, Troitiño ez zegoen etxean.
Lerini dagokionez, 2007.tik ihes eginda zegoela ziurtatu dute espainiar polizia iturriek. Orduan sarekada egin zuen Guardia Zibilak, 10 lagun atxilotu zituelarik, baina Lerin ez zuten harrapatu. Atzokoan ez zuten zehaztu iruindarraren eta ETAren artean egiten duten lotura.
Josu Erkoreka EAJko diputatuak ere ez du duda izpirik agertu atxilotu hauen inguruan. Izan ere, sarekada berri honek «ETAren ahulezia larria» dela islatzen duela esan zuen.
Jorge Fernandez ministroak, bere aldetik, hauxe adierazi zuen: «Gero eta arrain gutxiago dago arrainontzian, eta, ondorioz, ETAren desegitea geroz eta gertuago dago».
Bitartean, Troitiño eta Lerin Londreseko polizia etxe batean daude, estradizio eskaeren zain. Honslow auzoko etxeaz gain beste bat ere miatu omen dute Londres erdialdean, baina hor ere ez dute armarik aurkitu antza. Westminsterreko auzitegira eraman zituzten biak atzo bertan, beren egoeraren berri emateko.
Manifestazioa gaur
Okzitaniako Albi herrian asteartean izandako atxiloketekin gertatu bezala, atzokoen aurka ere eragile ugari agertu dira. Esaterako, Donostiako EA, Alternatiba, Aralar, ezker abertzalea, LAB, STEE-EILAS eta EHNEk prentsa ohar bateratua kaleratu dute, Gobernu espainolaren «arduragabekeria» nabarmenduz.
Donostiarra den Troitiñoren kasuari erreparatzen diote bereziki, atxiloketaren erroan «biziarteko espetxe zigorra ezartzeko asmoa» dagoelako.
Atzo mobilizazioa egin zuten Mirakruz gainean, Intxaurrondoko auzokideek antolatuta, eta gaur, 13.00etan, gauza bera egingo dute Zubiaurre biribilgunean, ``Konponbide garaia da'' lelopean.