Sokatira | Lur Gainekoa
Goiherrik orain artekoa baieztatu nahi du
600 kiloko Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldia jokatuko da bihar, 11.30ean, Loiun. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta denak amaitu ostean punturik gehien batzen dituen taldeak lortuko du aurtengo txapela.
Goiherrik irabazi ditu orain arteko txapelak, eta berriro ere Erandiokoak dira garaipena eskuratzeko faboritoak. Liga laburra da, eta garrantzitsua da lehen jardunalditik lehen postuan kokatzea. Erandioko taldearekin batera, Goiherri B, Gaztedi, Mutriku, Gaztedi B eta Getxo arituko dira. Azken hori izango da pisu honetako berrikuntza, orain arte jokatu diren pisuetan ez baitira tiralari bizkaitarrak aritu.
Orain arte ikusitakoaren arabera, Goiherri gainerako talde guztien gainetik dago, eta, hala, oso zaila izango da beraiek mendean hartzea. Kirolean mirariak gutxitan ematen dira, eta hemen ere zaila izango da ematea, Goiherrik orain arte beste guztien gainetik dagoela argi eta garbi erakutsi baitu.
Lehia bigarren posturako izango da. Orain artean Gaztedik eta Mutrikuk sekulako borroka izan dute, eta gauzak asko okertzen ez badira, oraingoan ere horrelaxe izango da. 640 kilokoan Goiherri B ere bigarren posturako borrokan sartu zen, eta ikusiko da pisu honetan nola moldatzen den. Getxo ere aurretik ez da aritu, eta orain erakutsi beharko du duen maila. Gaztedi B, berriz, aurreko pisuetan azkena geratu da, eta pisu honetan ere asko hobetu beharko du aurreragoko postuetan geratu nahi badu.
Trontza
Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko da Usurbilen bihar goizean, 11.30ean, Gazte Mailako Euskal Herriko Aizkolarien finalarekin batera. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari etzanda jarrita hamar epai eman beharko dizkio, eta, zutik jarritakoari, berriz, bost.
Ardeo-Arozena, Etxebarria-Astondoa, Iraola-Garmendia, Barberena anaiak, Cano-Maiza, Kañamares-Eugi, Pikabea-Agirre eta Irigoien-Etxenike neurtuko dira. Barberena anaiak dira egungo Euskal Herriko txapeldunak, eta kanporaketa hau irabazteko faborito nagusiak ere beraiek dira.
Ultzamako bikoak ez luke inongo arazorik izan behar aurrera egiteko, baina hortik atzera borroka handia izango da. Lana laburra da, eta deskuidurik txikiena nahikoa da segundoak galdu eta finaletik kanpo geratzeko.