GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Txapeldunen Liga

Atutxak eta Mugertza II.ak emango diote amaiera lehen jardunaldiari

J.L.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako hirugarren saioa jokatuko da bihar Berriatuan, 13.00etan, eta horrekin amaituko da lehen jardunaldia.

Asteazken eguerdian Unai Otañok irabazi egin zion Iñaki Azurmendiri, eta Ibarrakoak lehen puntua eskuratu ahal izan zuen. Floren Nazabalek ere puntu bat badauka, Donato Larretxeari irabazi ostean.

Bihar Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira. Lehenengoa aterako da irabazteko faborito, baina mutrikuarra ere oso ongi dago, eta lan asko emango dio. Gipuzkoarrak eskuratuko balu garaipena, ezustea ere ez litzateke horrenbestekoa izango, oso ongi baitago.

Euskal Herriko Gazte Mailako Txapelketa, berriz, bihar jokatuko da Usurbilen, 11.30ean. Bertan Eneko Otaño, Larrea III.a, Etxeberria II.a, Vicente II.a eta Oier Kañamares neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu saioan zehar.

Eneko Otaño beizamarra aterako da txapela lortzeko faborito. Aurten berak irabazi du Urrezko Aizkora ere, eta zaila izango da bera menderatzea. Iker Vicente izango da gipuzkoarraren aurkari nagusia. Otsagabiakoa gazteagoa da, baina maila handia ari da ematen.

Nafarroako Iparraldeko Jokoetako hirugarren eta azken jardunaldia ere jokatuko da gaur eguerdian, Eugin. Herri kiroletako proba ezberdinak izango dira ikusgai eta kirol hauek ezagutzen ez dituzten zaleek gozatu bat hartu eta bertakoak diren kirolak ezagutzeko aukera paregabea izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo