GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Abenturaz beteriko bidaia

p042_f01_49x82.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

«Zizili andreak aldrebes ikusten zuen guztia (…) ez zuen ezer ikusten, miopea zen, miope erabatekoa, 207 dioptria zeuzkan begi bakoitzean». Horrela hasten da “Zizili” ipuin honen kontakizuna, emakume bitxi horren deskribapenarekin. Hain zuzen ere, miope horrek gauza asko ikusi ez, baizik eta imajinatu egiten zituen eta horretaz hitz egiten du egileak liburuan zehar. Zizilik betaurreko guztiak probatu ondoren izan zuen Londresen artaziekin betaurrekoak egiten zituen jostun baten berri, eta «Zizilen oftalmologoa seguru zegoen Londreseko betaurreko haiekin konponduko zuela arazoa: munduko betaurrekorik onenak ziren Hastings jostun ingelesaren betaurrekoak…». Andreak, orduan, Hastings jostunarengana joatea erabakitzen du, baina bidaia autoz edo hegazkinez edo beste edozein garraiobideren bidez egin beharrean oinez egitea deliberatzen du («presa handirik ez zeukanez, oinez joatea pentsatu zuen; ez zitzaizkion autobusak gustatzen, ez zitzaizkion trenak gustatzen… Bizikleta apurtuta zeukan») eta, hain zuzen, bidaia horren kronika dugu Unai Elorriagaren ipuin hau.

Honakoa 22 kapitulu laburretan kontaturiko istorioa dugu, Iturriagaren kontakizuna aurretik “Berria” egunkariaren “Mantangorri” gehigarrian argitaratu baitzen epeka, eta horrek asko markatzen, mugatzen du narrazioa. Kapitulu laburrak dira eta zenbaitetan aurrekoan jazotakoarekin edo aurrekoaren hariarekin lotura egiten da hasieran (aurreko astean argitaratutako gogorarazteko), baina hori, liburu formatu honetan, soberan dagoela esango genuke. Kapitulu laburrak izateak, bestalde, erraztu egiten du irakurketa eta aparteko bizitasuna ematen dio istorioan zehar abentura, gertakari eta ekintza gehiago sartzeko aukera ematen duelako.

Ziziliren bidaiaren kronika dugu, beraz, istorioa hau, eta Oz-eko aztian bezala, hemen ere garrantzitsuena bidaia da, bidaian elkartzen diren lagunekin izaniko harremanak, hauekin batera bizitakoak, eta ez hainbeste bidaiaren helburua bera. Horrela igerileku pribatu batean sartzean Ziziliri gertatutakoa ikusiko dugu, eta honek bertakoei emaniko erantzun ironikoa; eliza batean lotan geratu ondoren hurrengo goizean eliztarrek hartu zuten sustoa deabru berdea ikustean (Zizilik aurpegian krema zuen), telebistarekin duen harreman bitxia, eta abar. Eta arestian aipatu bezala Oz-eko aztian eta horrelako idazlan klasikoetan gertatzen den bezala, hemen ere Zizili lagun berri batzuekin elkartzen joango da, mamua, lehoia… oso lagun bitxiak, bereziak eta andrearekin batera bidaian abiatuko direnak.

Unai Elorriagaren liburu honetan umorea eta ironia ageri zaizkigu fantasiarekin batera, mundu errealean elementu fantastikoak ageri zaizkigu, edo konbinazio, elkarketa nahiko fantastikoak. Horri guztiari Mai Egurza ilustratzaile gaztearen irudi koloretsu eta biziak, idazkeraren argumentuarekin eta tonuarekin ederki uztarturikoak, gehitzen badizkiogu liburu nahiko interesgarria ematen du, entretenitua eta erraz irakurtzekoa, abenturak eta umorea batzen dituen istorio fantasiosoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo