Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Oporrik ez, lana mesedez!
Uztailean sartzera goaz, eta, urteko zazpigarren hilabete honek, txirrindularitza munduko lasterketa garrantzitsuena ekartzen digu berarekin batera. Behin futbol liga bukatuta, eta udak ematen duen opor kutsu horrekin, Frantziako Tourrak bereganatzen du arreta: taberna, koadrilla edota lantokietako porrak, Pirinio edota Alpeetara lasterketa ikustera joateko planak, lasterketa berari buruzko solasaldiekin betetako lagun arteko tertuliak...
Seguruenez, Frantziako Tourra ez da ez lasterketarik politena ez txirrindularientzat erosoena, baina zerbait ziurra bada: denetan garrantzitsuena eta oihartzun handiena duen lasterketa da. Txirrindulari bezala Tourra egitea ez da batere erraza: karrerako estresa, lasterketako erorikoak, lasterketak berak duen gogortasuna... Baina, aldiz, are gogorragoa da berau prestatu eta etxean gelditu beharra.
Etxebarriko bandido txikiak, behin Giroa bukatuta, uztaila honetan pilak kargatu eta Espainiako Itzulia zuen helburu. Fisikoki eta psikologikoki atseden hartzeko bere motor txikian Karraspioko hondartzara egingo zituen txangoak eta bertan jango zituen izozkiei buruz hitz egiten jarduten zuen entrenamenduetan, baina, oporretan pentsatzen zebilen unean, Gorka Gerrikagoitiak planak aldatu eta Frantziara gonbidatu du «oporretara». Gastu guztiak ordainduta gainera!
Beste batzuk, aldiz, teorian bertan izatekoak ginen, eta lasterketa buru-belarri prestatzen ibili arren, heziaren beste aldetik ikusi beharko ditugu zezenak azkenean. Taldearekin Pirinioetako etapa denak ikusi eta gozokia ahoan izan eta gero, azken orduko aldaketa batek etxean utzi nau, horrek dakarren tristurarekin. Baina gauzak datozen moduan hartzea beste aukerarik ez da, eta, hala, jada datozen helburuetan pentsatzen hasita gaude.
Sarritan entzun izan nion nire aita zenari beti ez nituen gauzak deseatzen nituela, eta, utzi gintuela urte dezente pasa diren arren, denborak erakutsi dit hark esaten zizkidan gauza asko bete egiten direla. Tourrean banengo, erorikoz eroriko, sufritzen eta momentu txarrak igarotzen, ziur neu ere inbidiaz zoratzen egongo nintzela Ametsen planak entzunda, bere motor txikiaren atzealdean joatea desiratzen. Baina, orain, Tourretik kanpora geratu naizen honetan, ez izozki ez hondartza, Tourrean izatea besterik ez dut desio!
Horretxegatik, eta gure lagun txikia ados bada, hurrengo urtean berak bere planak segi eta «oportxo» batzuk hartu ditzala, nik neuk, ahal badut behintzat, uztailean oporrak hartu partez lan egitea eskatuko baitiot nire nagusiari.