GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Zer esango luke Rousseauk?

 

Terry Eagletonek atzerriko egunkari batean argitaraturiko artikulu labur baina mamitsuak gogorarazi dit Jean-Jacques Rousseau jaio zela hirurehun urte bete direla aurten. Aitzakia horrekin, teorilari eta literatur irakasle ingelesak Ilustrazioko izen handietako bat izan zenaren ekarpenak azaltzen ditu, haren ostean garatu ziren teoria eta mugimenduekin harremanetan jarriz. Besteak beste, Eagletonek azpimarratzen du Rousseauren ikuspuntu politikoak, originaltasun handikoa hura, Frantziako Iraultzan eragina izan zuela eta Erromantikoentzat inspirazio iturri bilakatu zela. Bestetik, sentimendu moralei buruz mintzo den fikzioa gogoko dutenek, aparteko nobelagilea aurkituko dute Rousseaurengan.

Ez dira hor amaitzen Genevako filosofoaren ekarpenak. Emakumeen berezko moduan kontsideratuak ziren eta horregatik, hain zuzen, arbuiagarritzat jotzen zituzten ezaugarriak, hala nola gizatasuna, eskuzabaltasuna, errukia, gizarte osoak bere egin eta praktikan jarri behar zituela defendatzen zuen. Karl Marxen aurrekari ere izan zen Rousseau, jabetza pribatuak gerra, pobrezia eta klase gatazka ekartzen zituela esaten baitzuen. Alabaina, ez zegoen jabetza pribatuaren kontra. Burges tipia izaki, besteen menpe egotearen ideia jasanezina egiten zitzaion, baina, aldi berean, berdintasunaren defendatzaile amorratua zen, bere garaian nekez aurkituko duguna.

«Zer pentsatuko luke Rousseauk gaur egungo Europaz?», galdetzen du Eagletonek bere artikuluaren amaieran. Bere ustez, hainbeste goraipatu zuen demokrazia botere korporatiboaren eta komunikabideen menpe dagoela ikusteak zur eta lur utziko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo