GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Oporrak

Eguzkia bere lana egiten hasi dela nabari da, merkurioak gora eta eguna luze jarraitzen duen artean; ikasleak oporretan direla ere nabari da kale eta hondartzetan. Langileen gehiengoak bere jarduna betetzen jarraitzen baldin badu ere, asko eta asko dira urte guztian zehar itxarondako oporrak prestatzen hasi direnak: nora joan, noiz, zeinekin, zer egin...

Aurten, Giroaren ondoren asmo horrekin nintzen neroni ere, atseden hartu eta oportxoak izango nituelakoan denboraldiaren bigarren zatia prestatu artean. Hala ere, azken sei urteotan legez, «oporraldia» Frantzian egin beharko nuela adierazi zidaten eta ahalik eta azkarren egoera horretara moldatzen ahalegindu naiz. Egia esan... Belgikan hasi eta Frantziako herritxoetan barrena turismoa egingo dugu, lagunekin gustuko duguna (bizikletan ibili) egingo dugu, eguzkia hartuko dugu, eskumuturrekoa jantzi beharrik gabe «dena barne» erako hotel pila bat pasako ditugu, kantitate ikaragarrietan jan eta edan eta halere argalduta bueltatuko gara etxera... Oporraldi antolatua dugu, ordea!! Kar-kar-kar...

Belgikara iritsi bezain pronto; ohiko analisiak, aurkezpen ofiziala, ibilbidearen liburuxka eta dortsala jaso... ez dut denbora larregi behar izan konturatzeko: hau marka, hemen opor erritmo gutxi dago eta lanerako tarea handi xamarra!

Beraz, laneko buzoa lehenbailehen jantzi eta hortzak estutzea izango da onena. Ea zerbait polita egin eta zuekin guztiokin elkarbanatzeko aukera dugun...

Besarkada bana Liegetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo