«Maitiak galdegin zautan» atzo Heletan ote zinen
Nafarroa Behereko euskaldun anitz biltzen da Heletara igandez EHZra, lehen Arrosan eta gero Idauze-Mendin bezala, besteak beste Euskal Herriko Laborantza Ganberak atondu ohi duen zikiro janak erakarrita. Iazkoaren aldean, kopuruz bertaratutakoak gutxitu diren arren -kasik 15.000 lagunera heldu da bisitari kopurua-, sekulakoa izan da Heletan bildutako lagunen arteko giroa eta bisitarien parte hartzea. Seguru asko, gehienak datorren urtean ere itzuliko dira.
Anartz BILBAO | HELETA
Akaso eguraldiagatik -arrazoi agerienetarikoa izan daiteke-, iaz baino jende gutxiago bildu da aurten Heletara, atzo arratsaldean, festibalean bertan, EHZ elkarteko lehendakari Eneko Etxegaraik aitortu zigunez; «Baina Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 700 laguntzaile inguru ditugu, hori da gure indarra». Izan ere, bisitari kopurutzarrak arrakastaren ikurtzat duten jaialdi erraldoien ondoan, beste magia eta berezitasun bat du Heletakoak; «nahasketa polit eta aberats bat sortzen da urtez urte EHZn, elkartasun oso inportante bat», Maika Lapouble eguneko animazioen arduradunaren hitzetan. Festibalaren antolatzaileek, Heletako auzapezarekin batera, EHZren 17. edizioaren berri ematerakoan martxan zen oraindik jaialdia, igandea noiz ilunduko zain, eta The Abyssinians jamaikarrek kulunkan zuten belardia.
Baina has gaitezen goizetik, ez genuen-eta alferrik loa laburtu eta ohetik goiz salto egin. «Gu oso herri giro zaleak gara», aldarrikatu zuen Xabi Solanok herenegun gauez, Heletan Esne Beltza taldeak emandako zuzenekoan trikitixa pieza bat jo aitzin -Sepulturakoak ez ziren gozo jarri, gipuzkoarrak bost minutuz luzatu zirela-eta!-. Gaueko unerik politenetarikoa izan genuen hura, pentze bete gazte dantzan ari zela. Eta beste horrenbeste izan genuen atzo, akaso EHZk duen egunik herrikoienean, igandean: Lipdub-a, Artzain Txakur Lehiaketa -aurrenekoz-, zikiro jatea eta beste.
Igandeak nagiak atera eta grinatsu hartu zituen bisitariak, ekitaldiz blai. Nafarroa Behereko euskaldunek ohikoa dute, Arrosako garaietatik, igandez EHZ festibalean biltzea, eta atzo ere animoso girotu zuten plaza, kanpinetan zeuden gaztetxoen bisaietan nekea nabari zen bitartean.
Erregelu jantoki bihurturik, azoka paratua zuten atarian. Bertan, Euskal Herriko Selekzioen aldeko kamisetak eskuratu, liburu kritiko eskuragaitzen berri izan, aurki zabalik izango den Taupaka.com ekimena aurkeztu -herri musikara begira dena- edo Presoak Euskal Herrira ekimenarekin bat egiteko aukera zegoen. Azken hauek lipdub bat egiteko profitatu zuten, gainera, hitzordua, jendez arrakastatsu suertatu zena, afixa, erraldoi eta abarren laguntzaz.
Kasik ohartu gabe, joana zaigu goiza; magoak agortu ditu karta jokoak, serigrafiak egin eta egin dabiltzanei finitu zaizkie kamisetak -Balsamo da kale animazioan jarraitzen duena, jendarmez jantzita eta traste zaharrez betetako bizikleta lagun- eta pilotalekura biltzen hasi da jendea, laborarien bazkariaren usainak erakarrita. Menua bertako elikagaiez emana: Tomate entsalada, zikiroa ardi izterrekin eta Heleta bertako ardi gasna. Eta azkenburukoan ardi esne izozkia ahabia konpotarekin. Edateko, nola ez, Irulegiko ardoa, nahi beste... eta ezin faltatuko den kantu sorta, «Maitiak galdegin zautan» ezagunarekin hasita. Kantulagun berriz, Kuxkuxtu dugu gurekin. «Aspalditik, lehenengo Arrosan, gero Zuberoan eta orain hemen, animatzen dugu, ez urtero, igandeko bazkaria, kantua lagun», adierazi digu Beñat soinu-jotzaileak, lapurtar musika banda aurkezterakoan. Laborari ganberak laurehun bazkari inguru eman zituen atzo, musikariak eta antolatzaileak kontuan hartuta. «Bazkaria antolatzeko eskatzen digute, eta guk geuk lantzen ditugun produktuekin egiten dugu. Nik laboraria dut senarra, eta laguntzera etorri naiz», esan digu zerbitzatu gaituen Ainhizeko emakume jatorrak.
Antzerkiaz gose
Bazkalostean Itsasoko intimitatera bildu gara gaur ere. Sorkuntza berrien isla den Sorginak egitasmoan, «Behelaino» antzeztu dute bertan bost emakumek. «Joan den udazkenean bildu ginen eta gure egitasmoa sortu genuen. EHZren laguntza jaso dugu, antzerkia muntatu eta zazpi hilabete geroago festibalean estreinaldia emateko», azaldu digu Amaia Etxandik. Ostiralean eta igandean, bi emanaldi izan dituzte, eta publikoaren erantzunak «ez du deus ikustekorik izan. Gaur baziren aunitz irri eta txalo, oihartzun onak izan ditugu, baina emanaldiaren arabera aldatzen da, normala da». Bost antzezleek ez zuten elkar ezagutzen -Kitzikazan/k eta Battitta Lauttitta taldekoak dira, baxenabartarrak bostak-, «eta lagunak gara orain». Ipar Euskal Herrian antzerki zaletasuna dela-eta, «antzerki talde biziki azkarrak izan dira eta bada tradizio bat hemen -argitu digu antzezleak-. Bada publiko bat antzerkiaz gose, aspalditik».
Etxandik ez ditu zuzeneko anitz ikusi, eta Bebe ikusteko asmoz agertu zaigu; «2zio ikusi dut, ezagutzen nuen jadanik eta biziki maitatu dut». Ipar Euskal Herriko taldeak Antxartetan jo zuen herenegun, eta beste horrenbeste egin zuten atzo, bertako taldeen erakusleihoan, Stephane Dessein, The Lookers, Begiz Begi, Torii eta The Balladuriansek, 12.00etatik 16.30ra.
Berriro argitara atera garenerako bizkor zihoan arrastia, eta plazak jasoa zuen Kukai eta All Right bikotearen dantza saioa. Zuzenekoen gunean inoiz baino haur gehiago jolasean iji eta aja, kuadrillak borobilean jarrita Bebe noiz agertuko zain, eta Laket taldea Negu Gorriak taldearen «Sexu makina baino gehiago da» kantua trikipopean ematen. Munduko Medikuen elkarteak jasoa du, dagoeneko, musika gunean izan duen informazio puntua. Orkrestako bizkaitarrak ere -festibaleko beterano- etxerako bidea hartzekotan dira, agurtu ditugunean. Atabal jotzaileak Arrosa ekarri digu gogora, baita Idauze-Mendi ere, inguruan bizikletan bueltaka duen haurra jaio berri zituen garaiak. EHZ badoa finituz, apurka-apurka.
Iaz baino jende gutxiago izan dela aitortu zuen Eneko Etxegaraik, EHZ elkarteko lehendakariak, «baina Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako 700 laguntzaile inguru ditugu, hori da gure indarra», gaineratu zuen.
Liburuak, kamisetak, ekimen ezberdinak... ezagutzeko aukera izan zen atzoko egunez. Presoak Euskal Herrira ekimenak «lipdub» bat egiteko profitatu zuen EHZ jaialdiaren hitzordua. Jendez arrakastatsua suertatu zen, afixa, erraldoi eta abarren laguntzaz.
Igandeak lasaiak izaten dira festibalean. Hirugarren eta azken eguna izaki, erritmo beroak eta reggae doinuak nagusitzen dira, jaialdia egun argitan egiten dela aprobetxatuz. The Abyssinians taldeak zabaldu zuen arratseko egitaraua atzo. 44 urteko musika bidea duen talde jamaikarra da honakoa, sustraidun reggae koordenatuetan. Urteetan sartutako hiru abeslariek gidatzen zuten bandak, Laket talde gazteari eman zion bide, euskal kantu ezagunen bertsioekin osatuz kantu zerrenda, tartean, arin-arin, porrusalda eta dantzarako giroak sartuz eta Vendettak, aldiz, patxanga eta festa ekarri zuen `Puro infierno' diskoko kantuekin. Bien artean Bebe musikariaren saioa burutu zen. Abeslaria hiztun aritu zen ikusleen artean konplizitatea bilatuz, komunikatzeko duen gaitasuna agerian utziz. Kantu berriak aukeratu zituen nagusiki, betiko klasikoei ere bide emanez, emanaldia berotuz une horietan. Gaua iristean igo ziren taula gainera Su ta Gar taldeko kideak, garaiko lasaitasuna apurtuz, gitarrak zorroztu zituzten latz. Heavy doinuak alde batera utzita, berriz ere rap eta sustraidun musika beltza itzuli izen Heletara, jaialdiaren azken txanpan sartuta jada. Horretaz, HK et Les Saltimbanks banda frantziarra arduratu zen, lerro hauek idazteko garaian gaueko azken taldea Raggasonic oholtzara igo berri zelarik.
Larunbat arratsaldea euritsua izan zen, emanaldiak burutzeko oztopo izan ez bazen ere, musikaz ehuneko ehunean gozatzeko aukera zapuztuz. Lisabö taldea eszenatoki txikian aritu bazen ere, oholtza nagusian jotzeko maila badutela erakutsi zuten. Sarri, atzerriko taldeak izan ohi dira agertoki handia hartzen dutenak, askotan, bertako taldeen mailara iristen ez badira ere. Emanaldi bortitza eskaini zuten, distortsio eta musika garapenez beterik. Irungo bandaren ondoren iritsi zen Esne Beltzaren txanda. Eszenatoki handian aritu ziren, egun, gurean den talde esanguratsuetako bat direla erakutsiz. Musika mestizajea oinarrian, gero eta musika eragin gehiago nabaritzen dira taldearen musika unibertsoan: Cumbiak, doinu balkanikoak, edota trikitixa tradizionala kasu. Ordubeteko saioa eskaini zuten, taldearen klasiko asko entzun ahal izan zirelarik. Azken kantua `bozgorailuetatik' izan zen, euskal preso eta iheslariak gogoan.
Ostiral gauean Public Enemy taldeari gertatu zitzaion gauza bera pasa zitzaion Sepulturari. Taldearen sona handia dela ezin daiteke uka, eta metal musikan izan duten eragina ezbaian jarri gabe, egun, ez dira 90eko hamarkadan ziren lurrikara. Taldea zuzen aritu zen, musikalki soinu indartsuaz, instrumentalki akatsik gabe, hilobietako ahots sakonaz. Baina hori besterik ez. Taldearen klasikoekin bakarrik lortu zuten jendea altxatzea, `Roots bloody roots' edo `Sepulnation' kantuekin kasu.
Doinu elektronikoek presentzia nabaria izan ohi dute EHZ festibalean, eta larunbat gaua itxi zuten bi musika egitasmoek bertara bideratzen dituzte euren doinuak. Urbeltzetako karpa azpian, South Central taldeko bi lagunek festa handia sortu zuten. Elektro rock giroetan, kantu propioak eta Nirvanaren `Smells like teen spirit' moldatu zuten, unibertso berri bat emanez kantuari. Taldearen erreferentziak onak ziren, Prodigy taldearentzako ireki izan baitituzte zuzenekoak. Ez zuten hutsik egin. Bikainak. Eszenatoki handian, berriz, Bloody Beetroots Dj Set aritu ziren gaua itxiz. Taldearen izena jartzen zuen argi plataforma handi baten gainean, intentsitate osoko elektro-punk musika landu zuen biko italiarrak. Jendearen erantzuna handia izan zen, gaueko izar izan zirelarik.
Koldo OTAMENDI
Laborarien Ganberak laurehun bazkari inguru eman zituen: Tomate entsalada, zikiroa ardi izterrekin eta Heleta bertako ardi gasna. Eta azkenburukoan, ardi esne izozkia ahabia- konpotarekin. Edateko, nola ez, Irulegiko ardoa, nahi beste.