GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fito Rodriguez Idazlea

«Filmokaustoa»

Adierazpen askatasunaren aurka, liburuak errez, egunkariak isilaraziz edota filmen ekoizpenak eragotziz... borreroak hamaika aurpegi ditu, askotan ideien zabalkuntza oztopatuz betiko zapalkuntzan

Holokaustoa» hitz berria izan zen, Bigarren Munduko Gerratearen ostean asmatu behar izan zuten naziek eginiko sarraskiak izendatzeko... eta beste adierazpide batzuk erabili arren («azken ebazpena», juduen etnozidioaz aritzeko erabili ohi zena, kasu...) hura izan da ordutik hona nazioartean gehien zabaldu dena.

Filmokaustoa ere izendapen berria da, nik orain proposatutakoa, Donostiako Udalak «Barrura begiratzeko leihoak» ekoizteko Zinez Elkarteari emandako diru laguntzaren kontra Espainiako Barne Ministerioak eginiko xantaia adierazteko, hain zuzen ere. Ekoizleek Udalaren diru laguntzari uko egin badiote, laguntza beharrean badaudela begi-bistakoa da eta, dagoeneko, crowdfunding moduko baten bidez ari dira herri sostengua eskatzen: http://www.zinez.net/babes-kanpaina?lang=es.

Filma egin, egingo da, eta, ahal dela, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztuko da. Hantxe, beraz, Espainiar Demokrazia Populista Autoritarioa (nazismo berria) zertan datzan era gardenean agertuko delakoan nago eta, horrekin batera, bide batez, Madrilen agintean dagoen Partido Popularreko Euskadiko konplizeak Donostiako Udalean, EAJ eta PSE, ere nabarmenduko dira.

Adierazpen askatasunik gabe ezin esan demokrazia dagoenik. Izan ere, hautu politikoak egin ahal izateko aldez aurretik ideia ezberdinetako agerbideen arteko lehia publikoa bermatu beharra dago haren ondoriozko aukera politikoa behar bezalakoa izan dadin.

Adierazpen askatasunaren aurka, liburuak erraz, egunkariak isilaraziz edota filmen ekoizpenak eragotziz... borreroak hamaika aurpegi ditu, askotan ideien zabalkuntza oztopatuz betiko zapalkuntzan.

Horrela, munduan izan diren liburu nahiz liburutegi askoren berri ezin izango dugu inoiz izan, «Bibliokausto»ren berri eduki arren, Donostiako Garibai kalean 1937an frankistek liburuak erretzeko egin zituzten suteen notizia badago ere, adibidez, nekez jakingo dugu zeintzuk izan ziren bertan «galdutako» liburuak. Zenbat hiztegi, saiakera, antzerki edo poesia desagertu dira historian izan diren hura bezalako «bibliokausto» haietan? Batek daki... baina kultura, azkenean, geratzen dena da; ez, ordea, historiaren amildegian eroritakoa...

Lauxeta, Lizardi... bai, baina haien moduko zenbat idazleren berri amildu dira zeharo zentsurak, ezaxolak, ergelkeriak, zabarkeriak, totalkeriak edota ezjakintasunak izan direla medio?

Platon goraipatua izan dugu gure kultura judeo-kristauan, baina haren izena eta idazkiak honaino iritsi badira, tiraniaren aldeko bere jarreragatik izan da; Aristotelesen «Poetikan», esaterako, ez dira agertzen egun horren ezagunak omen diren Sofokles edo Eskilo... eta besteak, orduan famatuak izan zirenak? Zer jaso dugu kultur historiaren oinordekotasunean?

Espainiako Inkisizioa ezaguna da Munduko Historian, baina erre eta debekatu zuen guztiak ez al zuen batere baliorik?

Geratzen dena da kultura eta, betoaren bidez galarazten dena, aldiz, betiereko galera izaten da.

Jean-Claude Carrierek idatzitako «Dictionnaire de la bêtise» horretan (Ergelkeriaren Hiztegia) kirtenkeriak zapuztutako ideien eta egintzen berri ematen zaigu. Carriere, Buñuelekin lan egin zuen zinemagintzan ( «El discreto encanto de la burgesia», «Belle de jour», «Ese obscuro objeto del deseo»), baita beste zuzendarientzako gidoiak idatzi ditu ere: «Zirano Bergerac-ekoa», «Latorrizko danborra»...

Mota guztietako zentsura motak ezagutu ditu. Saiakera bat badauka, hark idatzi zuen moduan «huntaz eta hartaz» («Le film qu'on ne verra jamais»), baina «Barrura begiratzeko leihoak» filma, berriz, ikusiko dugu, ez dute isilaraziko, ezin izango dute «filmokaustoa» burutu, eta haiek guztiak, XXI. mende honetako zentsore memeloak agerian geratuko dira nabarmen... honezkero halaxe geratu baitira... kultura egiten ari garelako...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo