Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Herentzia
Antzina, oraindik ezagutza askorik ez zenean, dena jainkoak desiratu bezala ala berak egina zela sinetsarazten zuten. Gero, belaunaldiz belaunaldi jakituria hori aberastuz joan da, eta genetika ala munduaren sorrerari buruzko ezagutza hobea izan dugu gure garaiko jendeak. Hala ere, oraindik ere, ikerketa ugari egin diren arren, genetikaren misterioak ez ditut guztiz ongi ulertzen. Zaila egiten zait ulertzea ama eta aita beretik hain seme eta alaba ezberdinak nola jaio daitezkeen.
Horietako kasu bat Eslovakiako txapeldunaren etxean gertatzen da. Baliteke askok ez jakitea, baina Peter Saganek, bere talde berean anaia zaharragoa dauka. Txirrindulari duina den arren, ez dut sekula garaipenaren borrokan ikusi, ezta bere anaia gazteak bizikletarekin egiten dituen «malabarrak» egiten ere.
Anaia zaharra mundu honetako beste edozeinen modukoa den bitartean, Peterrek dituen talentu eta berezko dohainak estralurtarrak direla esan daiteke. Ez bakarrik 22 urterekin lortu duen palmaresa lortzeagatik, zeren atarikoan ikusi genuen bezala, ia lurrean zela, eta tropeleko beste 197 kideak eroriko liratekeen egoeran, Peter Saganek hanka atera, pausotxo bat eman, eta berriz ere bizikleta gainean jarraitzeko abilezia dauka. Denbora da, horrelako txirrindulari bertutetsua ikusten ez nuela. Argia, lasaia, teknikaz aberatsa, eta mando batek baino indar handiagoa duena.
Askotan entzun dugu, norbaitek herentzian bata ala beste jaso duela, baina nire ustez, gure gurasoek utzi ahal diguten herentzia onena, gauzak egiteko talentu eta abilezia dira, norbere heltzetik babak ateratzeko gaitasuna.
Badirudi, Eslovakian, maiorazko sistemak ez duela Euskal Herrian bezala funtzionatzen. Legez, gurasoek anaia zaharrenari utzi beharko liokete Peter gazteak jaso duen «herentzia» puska, hau da, azken urteetan bizikletarako jaio den talenturik onenetariko bat.
Bien bitartean, gaitasunez makalak garenok, loteria egunean gure etxean dagoen esaldiarekin kontsolatzen gara: «Tira, osasuna daukagu eta hori da garrantzitsuena». Egun hartan, gurean behintzat, osasunaren eguna izan ohi da. Loteria tokatu ez arren, osasuna izanda kontsolatzen gara, eta geu ere, berezko dohain handirik ez izan arren, osasuna izanaren aitzakiarekin pozik egoten gara. Horrexegatik, Txurru eta biok, batera hartuta ere, beste batzuen mailara heltzen ez garen arren, osasunaren eguna ospatuko dugu, eta espero guk gure ondorengoei ere osasuna eta talentu pixka bat herentzian uztea.
Irizartarrenean dugun talentu apurra hiruren artean banatu beharko dute, ea txurrukatarrenean noizko datorren maiorazkoa.