CITY PASS
Itsaslabar ederretan barna, bidaia
N.B. | DONOSTIA
Euskal kostaldea aztertzen duen Geoparkeak hainbat bisitaldi gidatu prestatu ditu datozen egunetarako. Horietan sistema karstikoa eta flyscha gertutik ezagutzeko aukera izango dute esperientzia hau probatzeko prest dauden bisitariak.
Bihar bertan, marearteko bioaniztasuna ezagutzeko irteera egingo dute. Debatik abiatuta, itsasora autobusez gerturatuko dira, eta ondoren oinez joango dira Mendatagainetik Sakonetako kalaraino. Itsaslabarra aztertuko dute bertan biltzen diren izaki bizidunak deskubritzeko.
Ibilaldia 10.00etan hasiko da, eta hiru ordu eta erdi iraungo du. Gehienez hamabi urtetik gorako 27 bisitari joan ahalko dira. Bisita egiteko txartelak www.geoparkea.com webgunean edota Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan eskuratu daitezke. Haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak, makila eta ura eramatea gomendagarria da.