GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Bufoion mezenasak

Aspaldi ez nuen «mezenas» berba irakurri edo entzuten, Erdi Arotik gutxienez. Sukaldari japoniarraren azken agurrak neoliberalismoak kultura politika publikoekin egin gura duenaz hitz egiten du

Lehengoan lagun min batek Bilboko jatetxe japoniar batera eroan ninduen afaltzera. Egurrez egineko eskultura finak sabaitik zintzilik, argi jokoak, leku zabala, zerbitzari jator eta pedagogikoak... Sushia ez nuke nire asteroko dietan sartuko, baina esperientzia gogoangarria izan zen. Mahai gainean, sardexkaren ordezko zotz luzangen aldamenean, sukaldariaren argazkia eta bere gastronomia ulertzeko moduaren berri ematen zuen testua ageri zen. Egañak esango lukeen eran, detaile txukuna iruditu zitzaidan. Jatekoen atzean, zerbitzariek behin eta berriz gurutzatzen duten ate horren bestaldean, pertsonak daude. Ostera, bertsolaritzaren efektu, hau ere, testuaren amaierako esaldia izan zen golkoan iltzatuta lotu zitzaidana: eskerrik asko zure mezenasgoagatik. (Cervantesen hizkuntzan, prefosta).

Aspaldi ez nuen «mezenas» berba irakurri edo entzuten, Erdi Arotik gutxienez. Nire musikaren historiako apunteen sasoian, Europako musikari, dantzari, bertsolari, margolari, mago eta gainerako bufoirik arrakastatsuenak erregeen gorte nahiz gotzainen kaperetan bizi ziren. Baziren beste asko, baina horiek ez ziren bizi. Batzuk sutan edo gosez hiltzen ziren, eta besteek herririk herri irauten zuten, beste ogibide batzuk jakiteak eskaintzen zien laguntzaren abaropean.

Sukaldari japoniarraren azken agurrak neoliberalismoak kultura politika publikoekin egin gura duenaz hitz egiten du. Beste behin ere, irtenbide berrien izenean, etorkizunaren izenean, iraganera kondenatuko gaituzte.

Bizi dugun krisi globala integrala dela dio gero eta ahots gehiagok, gero eta ozenago, gainera. Ostera, debate politikoa alderdi materialean zentratuta dago: diru, produkzio, hazkunde, langabezia, erreskate, mailegu... Logikoa, materialismo dialektikoak, eta bere antitesiak zuzenduriko mendearen seme dira eta, oraingoz, agintari zein agintarigaiak. Eta aberastasun doikuntza kudeatzeko orduan, eros ezin litezkeen gauzak oparitzen ditugunak izango gara bikini operaziora kondenatuko gaituzten lehenak. Zoramen kontsumistaren urterik oparoenetan ere sekula ez zen heldu kulturari zuzendutako aurrekontua autopista kilometro bat eraikitzeko behar denera. Sabela gose denean arima elikatzeari uztea ulergarri zaion gizarte batek sekula ez du ulertuko soilik arimak elikatuta ziurta litekeela epe luzerako sabeleko hotsik eza.

Orain urte batzuk harrigarri egin zitzaizkidan Argentinan egin genituen bertso-saioen zenbait ezaugarri. Bertsotan egundo aipatu ez banuen ere, bitxia zen oholtzaren ondoan, pantaila handi batean, saioa antolatzeko dirua eman zuten enpresa pribatuen iragarkiak igarotzen ikustea, behin eta berriz.

Sorkuntza, eguneroko produkzio orduak amaitutakoan, seme-alabarik ez baduzu, edo kartesianoki antolatzen bazara, praktika zenezakeen hobbya den gizartean bizi gara.

Etorkizuneko alternatibak? Euskal ezkontzak Negurin, euskal bazkalosteak gure goi mailako edozein jatetxetan, bitxikeria kulturalen erakusketak jakintsu aberatsen denbora-pasarako... bufoion dilema, gortea ala gorta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo