GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Txupinazo urdina» bota du Herrirak Iruñean preso eta iheslaririk gabeko San Fermin jaien alde

p015_f02_148x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Herrira mugimenduak txupinazoa bi egunez aurreratu zuen atzo Iruñeko Udaletxe plazan. Bertan bildutako herritarrek, preso eta iheslaririk gabeko San Fermin jaiak aldarrikatu zituzten horrela.

Zuriaren eta gorriaren ordez, kolore urdina gailendu zen atzo bihar jendez lepo egonen den Iruñeko Udaletxe plazan. Kamiseta urdinekin batera, Herrira mugimenduaren ikur diren «euskal pilotek» bete zuten plaza. Hain zuzen ere, presoen eta iheslarien auziari eman beharreko irtenbidea adierazten dute Herrirak puxika eta baloi urdinekin irudikatzen dituen «euskal pilotek». Egoera politiko berriak irekitako aukera baliatu eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatuko dituen gizartea eraikitzea da Herriraren xedea, eta, salatzen duenez, egun indarrean den kartzela politika da hori lortzeko traba handienetakoa. «Euskal pilotak» erabiliz, egoera hori salatu eta «pilota» frantses eta espainiar estatuetako gobernuen teilatuetan dagoela adierazten du Herrirak.

Atzoko ekitaldian Fran Balda eta Itxaso Torregrosa Herrirako kideek azaldu bezala, «euskal pilotak» lehen botean kartzela politika aldatu nahi du, presoen giza eskubideak errespetaraziz. Gaixotasun larriak dituztenak eta zigor osoa edo hiru laurdenak beteta dituztenak askatzea ere badu jomuga. Bigarren botearekin, berriz, «preso eta iheslari guztiak herriratzea» lortu nahi du, Baldak atzo nabarmendu bezala, «bestela konponbidea ezinezkoa da-eta».

Jaietan, Herrira Gunea

Bihartik aurrera Herrira mugimenduak bere gunea izanen du Iruñeko San Fermin jaietan. Bertan, ekitaldi ugari burutuko dituzte txupinazoak leher egiten duen unetik bertatik aurrera.

Herrira Gunea Zumalakarregi atearen inguruetan egonen da kokatuta bihartik jaiak amaitu bitartean. Ostiralean, preso eta iheslarien aldeko brindisarekin irekiko da gunea txupinazoaren ostean, 13.00etan. Asteartean, Herrira Eguna ospatuko da. Hasteko, 17.00etan, bertso saioa izango da Eneko Lazkoz eta Julio Sotoren eskutik. Ordubete geroago, kalejira urdin batek Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu. Eguna amaitzeko, Tximeleta taldearen kontzertua izango da. Uztailaren 12an, berriz, bertso afaria izango da Julio Soto, Eneko Lazkoz eta Xabier Silveirarekin.

Karmen kaleko Herriko Tabernan eta Arrano elkartean ere hainbat ekitaldi izanen dira egunero eta Herriraren materiala salgai izango da jaietan zehar.

Bestalde, presoen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo Atarrabian (43) eta Errotxapean (43).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo