GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaiki Hadi elkarteak preso gaixoen kopurua hazi dela ohartarazi du

Espetxe politikaren ondorioz gaixo diren preso gehiago dagoela salatu eta euskal preso politikoen egungo osasun egoeraren berri eman zuen atzo Jaiki Hadi elkarteak. Gaixotasun fisikoren bat duten presoak 112 izatetik 114 izatera igaro dira. Gaixo larriak, aldiz, iaz 10 ziren eta aurten, 14. Egoera txarrera doala ikusita, instantzia gorenetara jotzeko prest agertu dira.

p014_f02_149x093.jpg

Jon ADAN | BILBO

Jaiki Hadi Elkartearen bozeramaile Fernando Arburuak eta buruko gaitz larria duen Jesus Mari Martin presoaren psikologo Oihana Barriosek euskal preso politikoen kolektiboaren egungo osasun egoeraren berri eman zuten atzo. Orain urtebete, larriki gaixo dauden euskal presoen zerrenda ezagutarazi, eta mediku-laguntza «kaskarrak» bere horretan jarraituz gero, epe laburrean zerrenda handitu egingo zela ohartarazi zuten. Egungo datuek arrazoia eman diete.

Ezagutarazi zutenez, orain urtebete 143 preso gaixoetako 112k gaixotasun fisikoren bat pairatzen zuten eta 31k laguntza psikologikoa behar zuten. Egun, urtebete pasa ondoren, 142 gaixoetako 114k dute gaixotasun fisikoren bat eta 42k behar dute laguntza psikologikoa. 142 horietako %10ek baino gehiagok gaitz fisiko eta psikologikoak pairatzen ditu aldi berean.

Gaixotasun larria duten euskal presoei dagokienez, orain dela urtebete 10 lagunek osatzen zuten zerrenda. Urtean zehar horietako hiru atxiloaldi arindu erregimenean kaleratu zituzten, Jose Ramon Foruria, Mila Ioldi eta Ibon Iparragirre, hain zuzen; azkena urrian. Egun, berriz, 14 preso daude larri gaixorik. Euren egoera «latzaren» ondorioz aske egon beharko luketela adierazi zuen Fernando Arburuak.

Horien artean, gaitz kardiobaskularrek eta burukoek izan duten gorakada nabarmendu zuen. «Urtarrilean esaterako, bi presok miokardio infartua izan zuten, elkarren segidan; biak ala biak 25 urtetik gorako espetxealdia betea zuten», adierazi zuen Arburuak.

Buruko gaitzei dagokienez, aurtengo zerrendan buru-nahasmendu obsesibo-konpultsiboa pairatzen duten beste bi preso daudela azaldu zuen. Hartara, mota honetako 31 gaixo izatetik 42 izatera pasa dira hilabete batzuen buruan.

Konfiantzazko medikuen bisitak baimentzeari dagokionez, 5 kasutan baimendu izan dituzte bisita eskaerak, psikiatra eta psikologoenak guztiak, eta 4 kasutan ukatu, hiru haginlari eta psikiatra batena.

Gero eta gaixo larri gehiago

Horiek horrela, aurtengo euskal preso gaixo larrien zerrenda ezagutzera eman zuten. Hauexek dira Jesus Mari Martinekin batera zerrenda hori osatzen dutenak: Josetxo Arizkuren, Iñaki Erro eta Isidro Garraldek kardiopatia iskemikoa dute; Jose Angel Bigurik, prostata minbizia; Jose Ramon Lopez de Abetxukok, bradiarritmiak; Josu Uribetxeberriak, giltzurrun kartzinoma; Gotzone Lopez de Luzuriagak, bularreko minbizia. Garikoitz Arruarte, Inma Berriozabal eta Jesus Mari Mendinuetak gaixotasun erreumatologiko sistemikoak dituzte; Iñaki Etxeberriak ikusmeneko gaitz larria du; eta azkenik, Jose Miguel Etxeandia eta Aitzol Gogorzak buruko gaitz larriak pairatzen dituzte.

Halaber, Jesus Mari Martinen kasua gogora ekarri zuen Arburuak: «Urtebete igaro ondoren bere osasun egoera hobetu beharrean, okerrera egin du nabarmen. Egun pairatzen ari den gaitz psikikoa larria eta sendaezina da, itzulezinezko egoera batean dago», ohartarazi zuen.

Hartara, Gobernuko arduradunek gai honi buruz iritzi publikoaren aurrean agertzen duten «itxikeria» kritikatu eta osasun laguntza jasotzeko eskubidea edozein espetxe politika edo neurri bereziren gaindi dagoela gogorarazi zuten.

Alde horretatik, espetxe politika zehatzek, segurtasun neurriek edo arautegi zehatzak sekula ezin dutela presoaren osasun laguntza baldintzatu aldarrikatu zuten. «Edozein presok eskubidea du bere konfiantzazko osasun laguntza zuzena jasotzeko, bai bisita profesionalen bidez, bai bere iritziz onenak diren metodoen bidez», adierazi zuen Oihana Barriosek. Bestalde, gaixoei mediku-laguntza osoki espetxeak bermatu beharko liekeela nabarmendu zuen, preso gaixoen osasun egoeraren okertzea ahalbidetuko luketen egoerak, bakartze zigorrak zein erregimen neurri gogorrak bertan behera utzita.

Bestalde, neurri terapeutiko egokienak bermatze aldera, inguru afektibo egokienean txertatuta egoteko eta bere gaitzen sorospen zuzen eta eraginkorrena ziurtatzeko, «egungo ordenamendu juridikoan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei beren egoeran aurkitzen den beste edozein presori bezalaxe dagokiena» ezarri beharko litzaiekeela adierazi zuen Barriosek.

Azkenik, egoera horren arduradunek Jaiki Hadi elkartearen gomendioak kontuan hartzen ez dituztela ikusita, prest agertu ziren instantzia gorenetara jotzeko (Europako Giza Eskubideen Gortea, osasun arloko elkarte ezberdinak...), egoera horren inguruan jakinaren gainean jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo