GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Lehentasun arauak: txapelketetan bezala egunerokoan ere zenbait arau jarraitu behar dira

Uretan jarrera egoki bat izateko oinarrizko arauak zeintzuk diren jakin behar da. Txapelketetako arauak oinarri hartuta, egunerokoan ere jarraitu beharreko arauak badira, eta ezinbestekoak dira urautsian hainbeste jende pilatzen den garaiotan zuzen jarduteko.WCT itzuliko azkenaurreko txapelketan munduko lehiakide onenak izango dira.

p040_f02_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den astean uretan izan beharreko jarrera genuen hizpide. Kanpora joaten garenean bertako jendearekin izan beharreko jarrerak zein izan behar duen aipatzen genuen. Bertakoekin arazoak izan ohi diren lekuetan nola jokatu jakiteko jarraibide tipo bat ere aurkeztu genuen, baina hori dena alferrikakoa da oinarrizko arauak ezagutzen ez baditugu.

Beraz, gaurkoan, gure zein gure ingurukoen segurtasuna ahalik eta modu egokienean bermatu ahal izateko kontuan hartu beharreko zenbait arau aipatuko ditugu.

ASP araudia

Txapelketa mailan munduko erakunde garrantzitsuena ASP dela askotan esan dugu. Arrazoi desberdinak medio, erreferente argia da eremu askotan, baita txapelketa arauei dagokienean ere. ASP erakundeak arau asko aldatu izan ditu, baina oinarri-oinarrizkoenak ez dira asko aldatzen. Gainera, maila desberdinak oso ongi bereizteko gaitasuna erakutsi izan dute.

Surf librea edo eguneroko surfa egiterakoan ere, txapelketetako arauak dira oinarri nagusia. Arauak ez dira hain zorrotz jarraitu behar, ordea. Alegia, ASP araudiaren arabera, olatu bat hartzerako orduan norbaitek arrazoi izan dezake, baina pasa den astean esaten genuen moduan, badira kontuan hartu beharreko beste zenbait eragile.

Surflari bat olatu asko hartzen ari bada, esaterako, eta beste norbaitek olatu baten zain denbora asko badarama, arraun egiterako orduan, nahiz eta arrazoi izan, olatu asko hartu dituenak besteari utzi behar dio olatua. Askok ez du hori egiten, eta arrazoi izan dezake, baina ez da jarrera egokia. Alegia, lehentasun arauei dagokienean zuzen ari da, baina jarrera arauei dagokienean ez da behar bezala ari. Horregatik, halakoei «putre» deitzen zaie.

Lehentasun arauak izugarri konplexuak dira, izan ere, txapelketa batean epaile batek esango du arrazoia nork duen, baina egunerokoan ez da olatu guztiak behatzen arituko den epailerik; beraz, bi surflariren arteko eztabaidak, bi epaileren arteko eztabaiden modukoak dira, eta, batzuetan, gainera, ikusleek ere parte hartzen dute.

Hamar arau

Aurreko astean bezala, gaurko honetan ere nahi adina arau aurkez genitzakeen, denak oso subjektiboak, baina gaurkoan ere Surfertoday webguneak aukeratutako lehen hamar arauak aurkeztuko ditugu.

1. Urautsitik gertuen dagoen surflariak dauka lehentasuna.

2. Ez ebatsi beste norbaiti dagokion olatua. Zu bezala olatuez gozatu nahian dabilena izorratzeaz gain, zuk zeuk ere ezin izango duzu olatuaz behar bezala gozatu; beraz, olatua alferrik galdu daiteke.

3. Ez egin «sugearena». Alegia, ez ibili etengabe jende artean sartu eta leku egokia bilatzen. Urautsira iristean zure lekua hartu eta txanda itxaron. Pazientziaz jokatu behar dugu; denentzat daude olatuak.

4. Ez jarri besteen bidea oztopatzen. Norbait arraun egiten ari bada, ez jarri parean, eta, olatuan badoa, berriz, ahalik eta gutxien traba egin. Barruratzea egiteko korronteez baliatzen ikastea garrantzitsua da, modu horretan ez baitugu bidean inor topatuko.

5. Urautsia oso zehatza bada, urrunen olatua hartzen duenak du lehentasuna. Longboardarekin dabilenak, adibidez, olatua urrunago hartzeko askoz ere erraztasun handiagoa dauka; beraz, erraztasun horretaz baliatuz neurri gabe aritzea, ez da jarrera egokia («putrea»).

6. Gure taularen erantzukizuna gurea da. Alegia, kasu egin non eta nola erortzen garen. Zu zeu bakarrik ez, beste norbait kolpa dezakezula ere kontuan hartu. Norbaitek olatua ebatsi badizu, saiatu zure amorrua kontrolatzen eta ez jaurti taula bere kontra, beste surflaria akabatu baitezakezu.

7. Komunikazioa. Osagai hau bitarteko egokiena da gaizki ulertuak ekiditeko. Urautsian bertan olatu bat hartzeko arraun egiten ari garela ondoan beste norbait bada, zer egiteko asmoa dugun esan; modu horretan, bakoitzak zein aldetara jo adostu ahal izango dugu. Askotan gertatzen da momentu horretan, zein aldetara jotzeko asmoa dugun ez esateagatik biek elkarren kontrako norabidea hartu eta talka egitea.

8. Urautsira goazela norbait zuzenean gugana badator, onena taula utzi eta ur azpian sartzea da. Baina kontuz, ur gutxi badago albo batera jo beharko dugu, eta, zein albotara goazen adierazteko astia badaukagu, are eta hobeto.

9. Itsasoa, hondartza eta ingurumena zaindu behar dira. Eskura ditugun baliabide guztiak erabilita ere, surflariak itsasoa kutsatzen du taula batekin itsasoratzen den bakoitzean; hori bai, badira erraz ekidin daitezkeen gauzak. Taula edo beste edozein materia apurtuz gero, zatiak jaso eta kanpoan dagokion edukiontzian utz ditzakegu. Birziklatzen ikastea ere komeni da, gauza asko erraz konpontzen baitira.

10. Pasa den astean atal honetan bertan aipatzen genuen errespetuzko jarrera kontuan izan eta besteekiko begirunea izan. Printzipio kantianoa (morala) aplikatu; alegia, ez egin besteei besteek zuri egitea gustatuko ez litzaizukeen hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo