GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Sozialistek iruzur berriz?

Doi-doi denbora izan dugu MAMek postua galdu zuela ohartzeko, sozialistak militanteak atxilotzen hasiak zirela. Sozialistek, gure lurraldean abertzaleen botoei esker pasa direnek, ez dute berri onik ekarri oraindik

Frantses Gobernu sozialistak aldaketak ekarri ditu hauteskundeak irabazi dituenetik. Pertsona bat gelditua baldin bada eta paperik ez badu, ezingo da hemendik goiti preso eraman. Bestalde, haurrak ezingo dira erretentzio zentroetan sartu. Horrez gain, beste neurri bat hartuko da elkartasun delituaren inguruan, alegia, paperik ez zuten pertsonak aterpetzeagatik epaituak zirenek ez lukete gehiago justiziarekin arazorik izan behar. Azken kasu horretan baliteke euskaldunentzat salbuespen bat egotea, gure kasuan terrorismo delitua lotzen baitute. Euskaldunentzat oso errazki aurkitzen dituzte salbuespenak.

Izan ere, doi-doi denbora izan dugu MAMek postua galdu zuela ohartzeko, sozialistak militanteak atxilotzen hasiak zirela. Sozialistek, gure lurraldean abertzaleen botoei esker pasa direnek, ez dute berri onik ekarri oraindik. Alderantziz, Villefranche-sur-Saôneko presondegian dauden hiru euskal preso jipoitu dituzte. Sozialistek iruzur egin behar al digute sistematikoki?

Aste honetako aktualitatean ezin da Senperen senarrak hil duen emaztearen kasua aipatu gabe utzi. Izan ere, berriz ere, bizitzea baizik eskatzen ez zuenari senarrak bidea moztu dio. Ez da hilketa arrunta, hilketa honek galdekatzen gaitu, horrelakoak behin eta berriz gertatzen baitira. Jendartean, parekotasuna ukatua baita, bortizkeria mota honek ez du mugarik ikusten. Senperek ez du bortizkeria maila handia bizi duen herri baten itxura, baina Senperen ere gertatzen da emaztearen kontrako bortizkeria, gizarte arazoa baita, denek aztertu behar duguna, mekanismo ezagunak dituena eta borrokatu behar ditugunak. Frantses prentsak ez dio bortizkeria mota honi toki handirik eskaintzen; haatik, zenbakiak emendatzen doaz, 2008an 156 emazte hil ziren frantses Estatuan bikotekideak hiltzaileak zirelarik. Elkarte batzuek zenbaki larriagoak ere ematen dituzte. Frantses jendartea oso matxista da, goitik behera. Parekotasunaren legea bozkatua izan da, baina legebiltzarrean 2012ko hauteskundeen ondotik diputatuen aulkien %27 izan da emazteentzat, eta Senatuan %22. Frantses Estatuan emazteek 1945 goitatu behar izan zuten bozkatzeko eskubidearen lortzeko, gaur egun parlamentuen erdia osatzera ez dira heldu.

Giro honetan turistak heldu dira Euskal Herrira, eguzki bila, pausatzera. Gu ere batzuetan turistaren larruan gara, beste lurralde batzuen ezagutzera joaten gara. Ez dakit ohartzen garen turismo masifikatuak besteen baitan duen ondorio kaskarrez. Hemen, turista tropa horiek ikusten ditugularik ailegatzen, ez ditugu baitezpada preziatzen. Ez kanpoko jendea errezibitu nahi ez dugulako, baizik eta denak batean, oso eremu hertsira etortzen baitira. Karrika guztiak betetzen zaizkigu, saltoki guztiak, hondartzak, mendiak, ez dago tokirik inon. Batzuen ustez, eskertu behar genituzke haiei esker bizi omen baikara. Alta, aspalditik diogu turismoaren gainean eraikitako ekonomiak ez digula inoiz bizitzeko doia emanen. Ba al da borondaterik beste sektore ekonomikoak indartzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo