GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Justizia

Azken egunotan, prentsan bazterrak nahasten dabiltzan hainbati buruzko zenbait berri irakurriko zenituztelakoan nago. Badirudi, norbaitzuk, beraien soldatak eta lanpostuak justifikatu eta salbatzearren, txirrindularitzan azken bi urteotan ia positibo eta eskandalurik egon ez denez, iraganeko «kaka» mugitzeari ekin diotela. Sarritan, odolberoa naizela errieta egiten dit nire emazteak, eta, horregatik, pixka bat lasaitu ostean saiatu naiz zutabe hau idazten. Hori bai, hemen jasotakoa, txirrindulari edo taldekide ohi bezala baino gehiago, minbizia pasa duen mutil batek bezala idazten dut.

Txirrindulari batzuek, beraien karga morala arintze aldera, beraien kide guztiek debekatutako sustantziak hartzen zituztela baieztatu dute. Guztiok dakizkigu zeintzuk diren arauak, baina, behin onaren eta txarraren muga pasa eta norbaitek harrapatzen dituenean, Juanito eta Pepito ere «kaka» berean sartuta zeudela esanda justifikatzen saiatzen dira batzuk, beraien karga morala arintze aldera.

Ziur irakurle askok ez duzuela Lance Armstrong gogoko. Bere harroxko eta yankee fama horrek, agian, ez dizue ikusten utziko gizon honen kontra aurrera eramaten ari den injustizia. 500 kontrol baino gehiagotan sekula positibo eman ez arren, minbizia izan eta gero zazpi Tour irabaztea posible ez dela argudiatuz, edo diru asko egin duelako, edo bere harrotasunagatik minduta sentitu direlako, norbaitzuk bere izena zikintzeko prest dira.

Ia 2 urte luze iraun dituen ikerketa federal zorrotz batekin ez dira ezer probatzeko gai izan, eta, oraindik ere, minbizia gainditu eta aberatsa den tipo bat bere bizitza arriskuan jartzeko gai dela sinestarazi nahi digute... Zorionez, gauzak esan bakarrik ez, frogekin baieztatu egin behar dira. Nire begiekin ikusi nuen eta sarri esan didate akusazioak egitea doakoa dela, baina horren akusazio larriak frogatu egin behar dira.

Bekaizkeriaz eta inbidiaz jokatzen duen jende hori baino askoz nahiago dut, horren «berekoia» izanik urtero minbiziaren aurkako borrokarako 56 milioi dolar lortzeko gai den gizabanakoa. «Berekoi» eta «harro» guztiek besteengandik horrelako zerbait egingo balute, mundua ez legoke gaur egun dagoen egoeran.

Justizia justua baldin bada, eta beraien emaitzak «tranpeatu» dituztela egia baldin bada, ordain dezatela beraien zigorra eta utz dezatela bakean dagoena bere horretan. Hurrengoan ere, Txurru txikiak esango dit pixka bat «heavy» eta «erradikala» naizela, baina pentsatzen dudana neure erara esan besterik ez dut egin.

Besterik gabe, egin dadila justizia eta utz gaitzatela lasai bizitzen, gogor bizitzen.

LIVESTRONG!!!!!!!!!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo