GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Arrakasta biribila

Irisarriko kabalkadak arrakasta biribila izan zuen atzo. Guztira 2.000 pertsona elkartu ziren ohitura zaharrak egungo egoerari buruz esateko zer zuen adi-adi entzuteko. Aldiz, beste 300 bat «ikuslegai» kabalkada-toberak eskaini zituen zaldi ibilaldia, dantzak, antzerkia eta kantua ikusteko gogoarekin gelditu ziren. Uztailaren 14an izanen dute bigarren aukera.

p051_f10.jpg

Testua: Idoia ERASO
Argazkiak: Nahia GARAT

Irisarrin 1937an egin zen azken kabalkadara 3.000 pertsona hurbildu ziren. 2012koak izango dituen bi emanaldietan kopuru hori gaindituko dela espero daiteke. Aurkezpenean errandako esaldi honek herritarren nahiak adierazten ditu: «Irisarrik badu fama handia kabalkadetan, nahi dugu lortu gaurkoa izan dadila 1937koa bezalakoa». Esan eta egin, jende kopuruan behintzat bete dute, eta aurrekoarekin alderatzea ezinezkoa bada ere, atzo ikusleen pozak emankizuna bera ere goi mailakoa dela argi uzten du.

Irisartarrek pozik hartu zuten kabalkadak ikusle kopuruari dagokionean atzo izandako harrera aparta; hala, herrian sortu den dinamika azkarrari eginiko opari gisa hartu zuten jasotako erantzuna. Ikusgarria egiteko herritarren artean sortu den harreman ona aipagai izan zen Tobera guztian zehar.

Zaldiz hasi eta bukatu

Izenak adierazten duen bezala, kabalkada zaldien itzuliarekin hasi zen, hiru ordu geroago bukatuko zen bezala. Herritarren artean nabaria zen urduritasunaren erakusle, zaldi batek zaldunaren kontroletik ihes egin zuen eta biraka hasi zen. Zaldiak joandakoan, toberan epaituak izanen ziren gaiak aurkeztu zituzten pregoian: «Irisarriko auzitegiak jakinarazten du epaituak izanen direla herrian pil-pilean diren aferak. Lehen toberetan arra-ezkontzak eta bortizkeriak salatu ziren; 1937an egindakoa gizon batek bere emaztea jotzen zuelako egin zen».

Ondoren, atzo landu ziren gaiak laburbildu zituzten pregoian: «Euskal Herrian bizi-bizi den espekulazioaren arazoa aztergai izanen da. Barnealdean laborantza arriskuan da? Zer etorkizun izanen dugu maila sozialean? Jujeak jakinarazi du auziak eramanen duela herrira justizia eta zuzentasuna».

Ohiturari jarraiki, toberako epaiketarekin hasi aitzin dantzariek beren agerraldia egin zuten plazan. Orotara 100 bat gazte, heldu, adineko eta haurrek herritarrek egindako jantzi tradizionalak erakutsi zituzten musikaren doinua segituz.

Bertsolariek, jarraian, ikusgarriak eskainiko zigunaren zirriborro bat aurreratu zuten, Irisarrin nagusi zen eguraldi goxoarekin elkarketa eginez. Battitt Crouspeyre bertsolariak aurreratu bezala, «gaur eguzkiak toberen gisan buruan joko gaitu».

Zaldiek eramandako karroan epaitegiko kideak ailegatu ziren, eta beren tokia hartzera joan ziren. Bitartean, tobera guztian zehar lagun izan zituzten zirtzilek, sarrera deigarria egin zuten traktore baten gainean; garrasika eta espantuka hasi ziren lehen momentutik bertatik.

Epaiketa

Herrian kezka sortzen duten gai ezberdinak jorratu zituen toberak, baina hastapenetik mintzagai handienetariko bat izanen zen gaia nabarmendu zen uxera edo kasu honetan fiskalaren papera egiten zuen emakumearen ahotan: «Hemen denek badakigu irisartarrak zeinen ahalke diren erraiteko eta erakusteko euskaldunak direla».

Epaiketa herrian lan eremu bat egiteko hartuak izan diren 7 hektareen aferarekin hasi zen. Gertatutakoa salatzeko Prospérité jauna («Prosper» lagunentzat) hurbildu zen epaitegira. Laborari gisa esan zuen: «Lurra gure lan tresna dela kontuan hartzea nahi dugu». Azken horrek horrela erantzun zion: «Lantegiak ondasunak ekartzen ditu eta kanpoko jendea ere».

Gaiak eragiten zituen gogoeta zailei arintasuna eskaintzeko, dantzariak hurbildu ziren plazara, ez nolanahikoak gainera. Ohi ez bezala, haurrek ere parte hartu zuten kabalkadan, herriko adineko jendearekin batera. Txikienek herriko bi gizon zaharrenak omendu zituzten beraiekin dantza eginez. Ikusleen artean ziren Henri eta Josepe herritarrak eskutik hartu zituzten bi neskatxek eta denek elkarrekin «Ainhoarra» dantza eskaini zuten. Ondoren heldu eta gazteen txanda izan zen.

Epaiketak aurrera egin baino lehen, bertsolariek lur eremu gatazkatsu horretan putetxe bat egin zitekeela proposatu zuten. Zirtzilek gustukoa izan zuten proposamena, hori dela eta ikusgarri guztian zehar horren aldeko garrasiak egin zituzten.

Jacques Ondarea heldu zen orduan epaitegira, Debalde andere abokatuak lagunduta. Lan eremu horrek kanpoko jendea erakarriko lukeela salatu zuen Ondare jaunak: «Gure herria, gure hizkuntza eta gure bizitzeko manera aldatuko da».

Ondare jaunak epaitegia utzi ondoren uxerak gogoeta bat eskaini zuen: «Irisarri herri dinamikoa da, baina nola? Irisarri aipatzen denean zer etortzen da gogora? Eskubaloia eta country dantzak! Pentsatzen nago ez ote dugun herri honetan ikusten biharko Euskal Herria».

Ondoren «anitz desolatua» zen emakume bat igo zen epaitegira: «Ez da kanturik entzuten ostatuetan, ez da jauzirik ematen plazan, countrya baizik, ez da gaztetxerik eta herriko bestetan ez da fitsik egiten, aldiz denak eskubaloi partidak ikustera joaten dira!». Uxerak gogorki erantzun zion: «Jendea futitzen da euskaldunez. Zuek euskaldun eta abertzale horiek ez duzue konprenitzen; zuen bideak dira onak eta besteenak txarrak. Bakoitzak egin dezala bere urratsa: antolatu, jendeari ezagutarazi eta horrekin dinamika sortu».

Giroa lasaitzeko «Euskalduna» eta «Sorgina» dantzak eskaini zituzten irisartarrek, txalo zaparrada ederra jasoz. Eta, ondoren, Battitt Crouspeyrek herritarren gogoa bertsotan bota zuen: «Ez da galtzen euskara ez eta kultura urte guztiz egiten bada kabalkada».

Epaileak orduan bere erabakiak jakinarazi zituen. Lehenik eta behin, zirikatzaile lanetan aritu ziren zirtzilak urtero inauteriak antolatzera eta zanpantzarraren epaiketa egitera kondenatu zituen. Lan eremuko 7 hektareen erdian laborantzaren zerbitzurako lantegiak egitea eta beste erdian gazteentzako etxeak egitea deliberatu zuen. Euskal dantza talde bat sortzea ere agindu zuen: «Gaurko egun ederrak segida izateko, cowboy-ak fini». Herri antolakuntzarako zenbait bide eskainiz amaitu zuen bere epaia: «Baitezpadakoa iruditu zaigu elkarte bat sortzea herrian euskal kultura eta euskara sustatzeko».

Herriko abesbatzak eskaini zuen kantuaren ondoren zaldi, dantzari eta antzezleen desfilea izan zen. Bukatzeko Battitt Cousepyre eta Txomin Elosegi bertsolariek agorrilean Itsasun eginen den kabalkadarako gomita zabaldu zuten, eta zirtzilek beso olatua sorrarazi zuten ikusleen artean.

Un verano de Kabalkadas, desde Irisarri hasta itsasu

La tradición de las Kabalkadas en Nafarroa Beherea y Lapurdi se puede comparar -salvando las distancias- con la Maskarada de Zuberoa pero, a diferencia de la tradición zuberotarra, en las provincias más cercanas a la costa no suele haber una organización de relevos entre los pueblos, sino que surgen según el interés y la dinámica de cada localidad. Esto supone que suele haber años en los que no se celebra ninguna Kabalkada o Tobera, pero no es el caso de 2012, ya que se celebrarán dos.

Ayer se celebró en Irisarri y terminará el próximo sábado. El 19 de agosto será el turno para la localidad labortana de Itsasu. I.E.

 

 

 
 
 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo