GARA > Idatzia > Kultura

udate | iruñeko sanferminak

Emakumezkoen pala jaialdiak ere badu tokirik aurtengo sanferminetan

p059_f02_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Egun hauetan, Irujo, Bengoetxea edo Aimar Olaizola dira Iruñeko Labrit pilotalekuan gehien entzuten diren izenak, baina aurten jaialdi berezi bat prestatu du Maite Ruiz de Larramendi nafarrak, nesken pala partidak hain zuzen.

«Jendeak ez daki palan aritzen garenik ere», aitortu zuen jaialdiaren antolatzaileak. Horregatik, eta gizonezkoen pilota partidek duten sona aprobetxatuz, Nafarroako hiriburuko jaietarako zerbait prestatzea proposatu zuen Ruiz de Larramendik.

Egitarauak bost partida iragartzen zituen, eta Euskal Herriko hainbat tokitako pilotariak atera ziren frontoiko kantxara. Nafarroako hainbat herritako gaztetxoenetatik hasi eta munduko txapelketan arituko diren Iparraldeko elite mailakoetaraino.

Bertako pilotari gazteentzat aukera ederra izan zen atzokoa. «Labriten jokatzea berezia da Iruñeko edonorentzat», azpimarratu zuen hasiberrien ilusioa.

Babesleen bila

Abenduan agertoki berean maila goreneko txapelketa bat antolatzeko asmoa du pilotari nafarrak: «Orain babesle bila ari gara. Azken batean, onenak etortzea nahi dugu, horrela gure kirol hau ezagutzera emateko», gaineratu zuen.

Jaialdia goizez izaki, jendea gutxika-gutxika gerturatu zen Labritera, baina azken ordurako giro polita antzematen zen harmailetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo