GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

San Fermin torneoa

Aimar eta Oinatz, final bat jokatzeko lehian berriz ere

Larunbateko finala jokoan, Goizuetakoak Apraiz izango du lagun gaurkoan, eta, Leitzakoak, Begino.

p040_f01.jpg

TITIN III-BARRIOLA 14

BENGOETXEA-BEGINO 22

Jon ORMAZABAL

Hamar egun baino ez dira igaro Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerako txartela lortzeko asmoz elkarren aurka Labriten lehiatu zirela. Bada, gaur gauean, leku berean neurtuko dituzte indarrak beste final batean sartzeko txartela jokoan. Gaurkoan, ordea, partida binakakoa izango da. Hori bai, San Fermin torneoa ligaxka eran jokatzen ari den arren, kanporaketa zuzen baten antza izango du gaurko lehiak ere, bi bikoteek Titin III.a-Barriolaren aurkako partidak irabazi dituztenez, garaileek finalerako txartela eskuratuko baitute.

Astelehen gauean jokatutako partidan, Begino bikain baten gidaritzapean, Asegarceko bikoteak batera aukerarik gabe utzi zituen Aspeko ordezkariak. Azkenean 22-14 nagusitu ziren, orain arte jokatutako txapelketako partida guztietan errepikatutako emaitza.

Azken binakako txapelketan maila eskasa eman ostean, pixkanaka bere mailarik onena berreskuratzen ari da Begino eta astelehenean sekulako partida jokatu zuen, agintea hartu eta Barriola erabat dominatuz. Leitzako atzelaria ez zen batere fin ibili, batez ere bere eskuinarekin oso gutxi jo zuen, eta Asegarcekoak bikain baliatu zuen hori; guztira bost tanto egin zituen, atzelari batentzat sekulako marka.

Aurreko koadroetan, beti bezala, Titin partida nahastu eta motzean jokatzen saiatu zen, bere bikotearen aukerei eutsi asmoz. Parean, ordea, beste behin ere hanka izugarri arinak dituela erakutsi zuen Oinatz Bengoetxea izan zuen, eta, partida erdira arte eutsi bazion ere, 12-13 ere joan ziren, azkenean amore eman behar izan zuen. Hori bai, festa giroan Labritera gerturatu ziren zaleek ederki eskertu zuten bi aurrelariek tantoa amaitzeko orduan erakutsitako trebetasuna. Hala ere, lauretan onena, zalantzarik gabe, Aritz Begino izan zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo