kirola | Surfa
Stephanie Gilmore: Biarritzen irabazi eta munduko titulua eskuratu du bosgarren aldiz
Pasa den astean Biarritzen izan ziren nesken WCT zirkuituko lehiakideak. Larunbatean amaitu zen txapelketa eta iaz bezala Stephanie Gilmorek irabazi zuen. Aurtengoan ordea, Biarritzeko garaipenarekin batera munduko titulua bosgarren aldiz eskuratzea ere lortu du.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pasa den astean mundu mailako nesken txapelketa izan da Biarritzen. Hego Euskal Herriko komunikabideetan inongo oihartzunik izan ez duen txapelketa izan arren, mundu mailan garrantzi handiko txapelketa izan da.
Euskal Herrian lehen mailako lehiakideak biltzen dituen txapelketa bakarra da Biarritzen egiten dena, WCT mailakoa baita, eta ondorioz egun mundu mailan punta-puntan dauden lehiakideek soilik har dezakete parte.
Horrez gain, iaz bezala, aurtengoan ere 2012ko munduko titulua nork eskuratu duen Biarritzen erabaki da, itzuliko azken-aurreko proban.
Soilik onenak
WCT itzulia soilik hamasei lehiakidek osatzen dute nesken kasuan. Iazko ASPko rankingean puntu gehien biltzea lortu zuten lehiakideak dira. Beraz, ez da edonork parte har dezakeen txapelketa bat; lehen mailako txapelketa bat da.
Aipatu WCT edo lehen mailako itzulia egin dezaketen lehiakideen artean Pauline Ado hendaiarra aurkitzen da. Aurtengoa, maila honetako itzulia egiten duen lehen urtea du, eta lan gogorra egiten ari den arren postu onak lortzea kostatzen ari zaio.
Biarritzen ez zuen bigarren txanda gainditzea lortu Paulinek. Pasa den ostiralean, olatuek metro erdiko altuera zuten, eta halakoetan izan ohi den bezala, olatuaren aukeraketak berebiziko garrantzia zeukan. Paulinek ez zuen olatu on bat hartzea lortu, eta ondorioz, kanporatua izan zen.
Gainera, bere arerioak, Paige Harebek ez zizkion gauzak batere erraztu. Zeelanda Berriko surflari honek bere olatuak indartsu zigortu zituen eta arerio zuen Paulineri ez zion olatu on bat hartzeko aukerarik eman. Txandak iraun zuen artean, bi lehiakideak orpoz orpo aritu ziren uneoro lehentasun postua eskuratu nahian.
Leku aldaketa
Larunbatean ez zen eguzkirik, haizea eta zeru estalia ziren, baina olatuen altuerak gora egin zuen, eta zentzu horretan, baldintzak ostiralekoak baino hobeak ziren.
Antolatzaileek txapelketa lekuz aldatzea erabaki zuten, eta Biarritzeko Hondartza Handira mugitu zuten epaimahaia, bozgorailuak eta gainerako tresneria guztia. 90eko hamarkadan munduko txapelketak egiten zituzten leku berean aritu ziren, beraz, lehiakideak.
Lisa Andersen, txapelketako zuzendariak oso ongi ezagutzen duen hondartza da; izan ere, munduko txapelketak han egiten ziren garaian bera lehiakidea zen. Andersenek lau bider jarraian eskuratu zuen munduko nesken titulua 1994 eta 1997 urte artean.
Stephanie Gilmore
Iazko itzulian txapelketa bakarra irabazi zuen Gilmorek, Biarritzekoa hain zuzen ere, baina ez zuen munduko titulua eskuratu. Berarekin finalean izan zen Carissa Moor izan zen 2011ko irabazlea. Biarritzen eskuratu zuen bigarren postuari esker irabazi zuen munduko titulua gainera.
Aurten berriz ere Gilmorek irabazi du Biarritzen, eta garaipen honekin, gainera, munduko titulua eskuratzea lortu du. Gauzak horrela, bosgarren aldiz eskuratu du munduko titulua.
2007, 2008, 2009, 2010 eta 2012ko irabazlea dugu, beraz, Stephanie Gilmore, 24 urteko australiarra. Aurtengo itzulia zazpi txapelketek osatzen dute, Biarritzekoa seigarrena izan da, eta Gilmorek, azken garaipen honekin, aurten irabazi duen hirugarren txapela izan da.
«Goizean jaiki naizenean, ez nuen uste hau gerta zitekeenik», zioen Gilmorek. «Baina egunak aurrera egin ahala gerta zitekeela sinesten hasi naiz. Frantzia leku berezia da eta jende mordoa geneukan kanpoan begira... benetan hunkigarria da. Negarrez hasiko naizela uste dut».
Finalean Gilmorerekin lehian izan zen lehiakidea, berriz, Tyler Wright izan zen, 18 urteko australiarra. «Gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Ongi pasatzen saiatzen naiz, zeren hobeto ateratzen zaizkit gauzak horrela, oso serioski aritzen naizenean baino. Surfa maite dut, beraz, niretzat horixe da guztia».
Aurtengo titulua nork eskuratu duen badakigu ere, oraindik itzulia ez da amaitu, beste txapelketa bat falta da. Azken txapelketa, aurtengo rankingeko emaitzak zehaztuko dituena, uztailaren 30a eta abuztuaren 5a bitartean izango da Kalifornian, Huntington Beach hondartza famatuan.
Orain galdera, bigarren postua nork eskuratuko duen da. Aukera gehien dituen lehiakidea Sally Fitzgibbons da.